HULK ELVIS

Hulk Elvis serieak erraietakoa den alderdia lantzen du; baina, era berean, jendearekin konektatzen du artearen historiari buruzko erreferentziak erabiliz. Artearen historiak jendea gizateriarekin, gizaki gisa gure historiaren alderdi sakonenarekin lotzeko bere modua dauka. Gure iraganaren arrasto bat ematen digu, baina baita gure etorkizunarena ere”.

Koonsek 2004an hasitako serie honetan, ‘Hulk harrigarria’ren postura Flaming Star izeneko western filmaren publizitatean Elvis Presleyk zuen posturaren antzekoa da. Andy Warhol-en serigrafiei esker, kantariaren irudi ezagunenetakoa da hori. Koonsek superheroi zakarraren figura brontzezko bertsio puzgarri bihurtu zuen, eta objektu errealekin osatu zuen. Horrela, readymade eraldatu bat sortu zuen. Izan ere, Koons hiru dimentsiotan eskaneatzeko tekniken inguruko ikerketa-prozesu zail batean murgildu zen, historiako objektu ikonikoen erreplikak sortzeko. Artistaren ustez eraldatutako readymadeak dira objektu horiek, adibidez, Askatasunaren kanpaia: estatubatuarren askatasunen eta independentziaren sinbolo da, eta behin baino gehiagotan urtu dute; errepliken historia luzea du, eta Koonsen lan emulatzaileek historia hori gogora ekartzen dute. Serie honetako eskulturekin batera, Koonsek pintura konplexuak sortu zituen. Bertan, zenbait geruza gainjarri zituen; Benday puntu-bilbeak erabili zituen eta horien garrantzia handitzen joan zen. Puntu horiek komikietara garamatzate argi eta garbi, eta, batez ere, Roy Lichtenstein-engana, bere lanean puntu horiek gehien erabili zituen artista izan baitzen.