Isil-isilik gogoetan

“Bizitzaren zentzua argitzeko saiakeran jarraitzen dut”.

Yoshitomo Nara

 
Narak, maiz, objektuen barruan kokatu izan ditu bere haur-irudiak, esaterako, aterpearen eta babesaren ikur diren kutxetan eta etxeetan sartuta. 1995ean, Kikara-umeak (Cup Kids) sortu zuen, zuntzez indartutako plastiko (FRP) margotuz egindako eskala handiko eskultura-instalazio bat. Zazpi te-kikara japoniar erraldoiz osatua dago eta, haietako bakoitzean haur bat dago, barneko likidoan gerriraino sartuta. Batzuek zabalik dituzte begiak, besteek itxita; eta koloretako ilea eta arropa dituzte. Te-kikara handiak borobilean daude antolatuta, haurtzaroko gomuten oroigarri: umetako katilu birakari moduko barraka haien oroigarri.

Te-kikara bat —hau da, eguneroko objektu arrunt bat— baliatzeak leku seguru bat sortzeko aukera eskaintzen dio Narari, baita askotan erabiltzen duen beste gai batekin uztartzeko ere, putzuarekin, alegia; eremu komunitariora igarotzeko pasabidea eskaintzen digu azken horrek, isolamendutik ihes egiteko bidea. Nararen gaiak bere haurtzaroan errotuta daude, hots, emozionalki konplexua izandako garai batean, baina bere irudiak ez dira soilik bere barruko bizitzaren isla: artistaren xedea haien aurrean ikusleek nork bere esperientziatik erantzutea da.

1999an, Narak Isil-isilik (Quiet, Quiet) tituludun lan-multzo batean jorratu zuen te-kikaren ikonografia. Kolorearen arrasto oro ezabatuta —kikaren euren kolore berde argia izan ezik—, beira-zuntz zuriak gogorra bezain delikatua den portzelana japoniarraren tradizio luzea berreskuratzen du. Eskultura horietan, haurrak burua baino ez dira, eta bertikalean pilaturik ageri dira kikara barruan sartuta dagoen beste ume baten gainean. Haien begi itxiek eta obraren tituluak berak aditzera eman dezakete lo daudela, baina, berez, isiltasuna behar dute kontenplaziorako: intimitatearen azterlan bat dira.

Isil-isilik multzoak Bizitza-iturria (Fountain of Life, 2001/2014/2022) eskultura monumental motorizatuari eman zion bide. Azken horrek hainbat haur aurkezten ditu te-kikara tradizional baten barruan, ardi-belarridun txanotxoak jantzita, arkume txikien xalotasunaren erakusle. Bizitza-iturria lanean ere, umeek begiak itxita dituzte, eta, urrunetik begiratuta, itxura lasaia dute, baina ura darie begietatik, eta ur hori kikarara isurtzen da: malko-iturri bat da, etengabeko tristura-jario dinamikoa, ukigarria eta amaiezina. Betiereko gaztetasunaren iturri iradokitzaile eta alaia eskaini ordez, badirudi etorkizunaren ikuspegi kezkagarri eta samingarria iragartzen duela.

Narak ez dio itxaropenari aterik ixten, ordea. COVID-19aren pandemia-garaian, Ur arrosatan (In the Pink Water, 2020) margotu zuen Okinawako —Japonian hegoalderen dagoen prefekturako— Ishigaki uharteko G. Yoko kantautorearen Survive albumaren azalerako. Narak Yokoren irlako doinuen esentzia jaso zuen; begiak itxita dituela eskuetan bitxilore bati eusten dion neska gazteak bakea eta baretasuna helarazten ditu. Bakar-bakarrik dago, Narak ibai gisa deskribatzen duen ur arrosatan zutik. Ibaiak, baina, ez du beste lan batzuetan ageri diren ur bakarti eta sakonak iradokitzen. Aitzitik, badirudi neskatoa pozik dagoela bere buruaren konpainian nahitaezko isolamendua benetakoa izan zen garai batean; oraingoan ibaiak garbikuntza eta birsortzea ematen ditu aditzera.