IV Sekzioa - Pragako erresistentzia (1934–1938)

Hitlerren agintaldian, faxismoaren aurka borrokatzeko konpromiso publikoa hartu zuen Kokoschkak. 1933ko maiatzean, artikulu bat argitaratu zuen Frankfurter Zeitung egunkari alemanean, eta Max Liebermann (1874–1935) margolariaren alde egin zuen bertan; Liebermann erreferente intelektual eta moral nabarmena zen, eta Prusiako Arte Ederren Akademian dimisioa ematera behartu zuten.

Vienan, faxistak eta sozialistak elkarren kontra borrokatu ziren 1934ko gerra zibilean; gerraren ondorioz, Kokoschkaren amaren osasunak okerrera egin zuen, eta handik aste batzuetara hil zen. Egoera ekonomiko zailari aurre egiteko, artistak Pragara jo zuen, aitaren jaioterrira, hain zuzen; hiri horretan bizi zen Berta, artistaren arreba. Pragara iritsita, Olda Palkovskà (1915–2004) ezagutu zuen, zeina garaian zuzenbidea ikasten ari baitzen; 1941ean ezkondu ziren.

Txekoslovakian zegoela, nazien hesiak apurka-apurka Europa nola itotzen zuen ikusi zuen Kokoschkak. Zetorren arriskuaz ohartarazi nahian, hainbat artikulu idatzi zituen, baita hitzaldiak antolatu ere. Naziek antolatutako “arte degeneratuaren” erakusketa ibiltarian Kokoschkaren bederatzi lan bildu zituzten, Europako abangoardiako beste maisulan ugariren aldamenean. Horren aurrean, “Artista degeneratu” baten autorretratua (1937) margolan bikaina egin zuen.

Egoera politiko beltz horri aurre egiteko, Kokoschkaren lanak ordura arte erakutsi gabeko ezaugarri idiliko eta distiratsuak agertzen hasi ziren. Margolariaren pintzelkadak zehatz-mehatz deskribatzen du mihisea osorik hartzen duen natura sarria, irudi misteriotsuen gertaleku.