Leku bakarti bat

“Gerraondoko Japoniaren ezaugarri nagusia hazkunde ekonomikoa izan zen. Nire gurasoek [etxetik kanpo] lan egiten zuten eta nire bi anaiak ni baino askoz ere zaharragoak dira, beraz, etxean bakarrik egoten nintzen denbora guztian; ez nuen haien antz handirik. Ez zuen axola bihurrikeriak egiten banituen ere; inor ez zen ohartu ere egingo. Ez zekiten inola ere nolakoa nintzen ni benetan. Musika eta neskak izugarri gustatzen zitzaizkidan. Erabat libre sentitzen nintzen..., baina abandonatua ere bai”.

Yoshitomo Nara

 
Yoshitomo Nara Hirosaki hiriko landagunean bizi zen langile-klaseko familia batean jaio zen. Etxea muino baten gainean zuten, sagastiz eta zelai berdez inguratuta. Nara gaur egun “Japoniako mirari ekonomikoa” izenez ezagutzen dugun garaian hazi zen, beraz, gurasoek etxetik kanpo lan egiten zuten ordu luzez. Inguruan adin bereko haur gehiago ez zegoenez, Narak denbora asko igarotzen zuen bakarrik. Irudimen eta sormen handikoa izan zen txiki-txikitatik, eta gustuko zuen marraztea; komiki bat egin zuen etxeko katuarekin bizitako abenturak ardatz hartuta. Katua eta auzoko beste animalia batzuk ziren Nararen konpainia bakarra, eta musika entzuten aritzen zen berak egindako irrati batean.

Irratiak zabaldu egin zuen Nararen unibertsoa, eta musikaren munduan barneratu zuen artista; hain zuzen ere, bere obsesio nagusietako bat bilakatu zen musika, bere sormenaren eta bere obraren bilakaeraren giltzarria. Far East Network (FEN) entzuten zuen, Vietnamgo gerran Japoniara bidali zituzten Estatu Batuetako indar armatuei zuzendutako irrati-kate bat. Ipar Amerikako blues musikak berezko dituen doinu introspektibo eta malenkoniatsuak, gerraren kontrako mezu inkonformistak zabaltzen zituzten eta eskubide zibilen aldeko mugimendua babesten zuten kantautore estatubatuarren —adibidez, Bob Dylanen— folk abestiak eta Ingalaterratik eta Irlandatik iritsitako folk herrikoia izaten zituen entzungai kate hark. Narak ez zituen ulertzen hizkuntza arrotzean abestutako kantu haien hitzak, baina zentzumenen bidez barneratzen zuen soinua. Erantzun instintibo hori diskoen azaletatik ondorioztatzen zuenarekin nahastuz, bere erara interpretatzen zuen musika, bere emozioez jantzita. Musika askatzailea zitzaion, eta gizateriarekiko eta komunitatearekiko errespetua areagotu zion.

Haurtzaroan eta gaztaroan, Narak ez zuen artista izateko asmorik. Hasieran literatura ikastea pentsatu zuen, baina marrazkigintzan trebea zela ikusita, Arte Ederretan matrikulatzera animatu zuten. 1979an, Musashino Arte Unibertsitateko Arte eta Diseinu Fakultatean sartu zen, hots, Tokio kanpoaldean kokaturiko erakunde pribatu batean; handik bi urtera, ordea, Aichi prefekturako Arteen Unibertsitatera aldatu zen, Nagoyatik gertuago, matrikula merkeagoa baitzen bertan. Olio-pintura sailean eman zuen izena, eta 1985ean graduatu ondoren, hantxe jarraitu zuen master bat egiten.