LIAM GILLICK
Nola jokatuko duzu? Sukaldeko katu bat hizketan
Liam Gillick-ek Arte Kontzeptualetik eta Minimalismotik edaten du, joera horiek berriro interpretatzen ditu. Ez da praktika artistiko jakin batera mugatzen, askotariko jardunetan ibiltzen baita eta horiek guztiek eragiten baitiote: kritikaria, idazlea, diseinatzailea, komisarioa, zinegilea, irakaslea eta artista bisuala da. Hala, arlo horiek guztiak dira lanaren parte; hori dela eta, haren lanak geruza edo alderdi ugarikoideia multzotzat hartuta hobeto ulertzen dira, objektu bakantzat hartuta baino.
1989an Gillickek bere bakarkako aurreneko erakusketa izan zuen, 84 Diagrams, Londresko Karsten Schubert Gallery-n. Bertan, marrazki sail bat aurkeztu zuen estilo moderno berantiarreko eraikin batzuetarako; nahita egindako akatsak zituzten edota arkitekturaren ikuspegitik bideratu ezinak ziren proposamen horiek. Artistak, "azkar lan egin eta ideiak berehala prozesatu nahian", programa informatiko bat erabiltzen zuen bila zebilen irudiak lortzearren, programa horiek erabiltzaile arruntarentzak helmenean hasi berri ziren garaian [1]. Hurrengo urtean, Henry Bond artista eta idazlearekin hasi zen Gillick lanean Dokumentuak (Documents) izeneko sail batean. Proiektu hartarako, artistek kazetari talde bat balira bezala egin zuten lan: prentsa elkarte britainiar baten bitartez, hainbat ekitaldietara joaten ziren (prentsaurrekoak, argazki saioak eta abar) erreportari edo argazkilari lana eginez. Hala eta guztiz ere, emaitzazko lanek ez zuten kazetaritzarekin zerikusi handirik —bakoitza markoztatutako argazki batek eta testu batekin panel batek osatzeb zuen, eta batzuetan audio grabazio batek—. Gillicken hitzetan: "Niretzat interesgarriena zen diskurtso aktibatu batean eta mugak profesionalizatu ohi izan dituen batean parte hartzeko kulturaren baimenik behar ez duen pertsonaren eta artistaren rolaren artean etengabe aldatzea"[2].