Horma-irudia 831. zk. (Forma geometrikoak)
208. ARETOA
Hirurogeiko hamarkadako zenbait artistek defendatu zuten artea ez zela zertan emozio baten ondorio izan, eta posible zela ideia baten ondorio izatea; muturreko jarrera zen. Hori aintzat hartuta, idatzitako jarraibideen bidezko sistema logiko bat sortu beharra zegoen Sol LeWitten iritziz, jarraibide horiek artelana gauzatu aurretik emaitza molda zezaten. Horma-irudiak sortzen zituen, baina haren aztarna autografikoa gera ez zedin, beste batzuek margo zitzaten agintzen zuen. Gainera, idatzitako jarraibide inpertsonaletik abiatuta margotzen zuten. Nolanahi ere, oso lan ikusgarriak dira. Hasierako lanak arkatzez, koloretako arkatzez, klarionaz eta margoez egiten zituzten, baina ondorengo hamarkadetan tintaz eta koloretako tinten urkoloreez (1980ko hamarkadan) eta akrilikoz (1997tik aurrera) egin zitezen agindu zuen. Horrela emaitza koloretsu eta erakargarriagoak lortu zituen. Halaber, hasierako lanetako lerro oker eta zuzenen uztarketa soilak irudi irregular eta dinamikoago bihurtu ziren urteak igaro ahala.
Horma-irudia 831. zk (Forma geometrikoak) artelana LeWittek areto honetarako berariaz sortu zuen 1997an, eta artistak pintura akrilikoaren teknikaz egindako lehen artelanetako bat izan zen. Tonu bizi eta saturatuak ditu —berdea, grisa, gorria, laranja, morea eta urdina— eta Frank Gehryk diseinatutako galeriaren arkitektura kurbatuari jarraitzen dioten forma geometriko irregularrak; horien bidez bete-betean bat egiten du artelan honek inguru arkitektonikoarekin, eta hura eraldatzen du.