Mutatuz permutatuz (Mute permute)

Mutatuz permutatuz eta Bihurria lanak Kuku Bazarra proiekturako sortu zituen Dubuffetek; eta egitasmo handi hura, era berean, L’Hourloupe zikloaren parte zen. Kuku Bazarra antzeztutako ikuskizun moduko bat zen, eta 1973an erakutsi zuten lehen aldiz, New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en. Kuku Bazarra proiekturako sortutako lan gehienak mugitu egin zitezkeen: zenbaitek gurpilak zituzten, beste zenbaitek motorrak, eta beste batzuk soinean eramaten zituzten antzezleek. Agerikoa izan arren elementu batzuk pertsonaiak edo eguneroko objektuak zirela, ikuskizunak ez zuen narraziorik. Mugimenduak —soinu-banda kakofoniko eta arritmiko batez lagunduak— motelak ziren, ez zuten elkarren arteko lotura argirik eta, oro har, interpretatzen zailak ziren. Dubuffeten asmoa zen elementuen arteko harreman aldakorrak, besterik gabe, ikuskizun bisualtzat hartzea.