NIGHT VIGIL

Gaubeila

Gaubeila (Night Vigil) laneko irudiak Richard Wagner-en Tristan und Isolde operaren ekoizpen batekoak dira. Peter Sellars-en zuzendaritzapean, Esa-Pekka Salonen orkestra-zuzendariaren, Bill Violaren eta Kira Perov ekoizle exekutiboaren arteko elkarlanaren ondorio da bideo hau (2004–05). Tristan eta Isoldaren jatorrizko istorioa maitasun-kondaira bat da; bertan, horren da bizia eta sakona bi gazteek sentitzen duten maitasuna, ezen ezinezkoa baita maitaleen gorputz fisikoetan eustea. Beren desirak asebetetzeko, azkenean, protagonistek bizitza bera transzenditzen dute: argia eta itzala, maskulinoa eta femeninoa, bizitza eta heriotza, denbora eta eternitatea bezalako polaritate guzti horietatik haratago dagoen leku batera iristeko.

Gaubeila elkarren ondoan dauden pantailetan atzetik proiektatutako bideo-diptikoa da. Bideo-sekuentzian, gizonezko bat eta emakumezko bat, gauaren iluntasunak banatuta, batak bestearenganantz erakarriak sentitzen dira, bai eta beren grina argitzen duen argirantz ere. Helburua lortzeko, norbanako bidaiari ekiten dio bakoitzak: gizonarena kanporanzko ekintza-bidaia da, gauaren iluntasunaren erdian ematen den bide luze bat, su kiskalgarri baten argirantz egindakoa; emakumearena, ordea, kontenplaziozko barne-bidaia da, kandela batzuen pizte metodikoa, gela guztiz argitu arte. Nahiz eta biak abiatzen diren bakarrik eta banaturik, helburu berbera dute: norbanako indibidualaren fusioa heriotzatik haratago dagoen mundu batean.