PICASSO ETA THANNHAUSER
1900eko Erakusketa Unibertsala ikustera joan zen Pablo Picasso aurrenekoz Parisera bere jatorrizko Espainiatik. Izan ere, Paris zen orduan arte-munduaren nazioarteko zentroa. Le Moulin de la Galette (1900) da bere bi hilabeteko egonaldian artistak egin zuen margolanik garrantzitsuena, eta argi islatzen du Parisko gaubizitzaren dekadentzia lizunak eta xarma arruntak artista gazteari eragiten zioten lilura. Picassoren estilo naturalista bizkor aldatu zen, eta laster etorri ziren haren Aldi Urdin malenkoniatsua eta geroagoko Aldi Arrosa, Georges Braquerekin batera, modu aitzindarian, kubismoarekin loturiko aurpegi askoko formak eta espazio-plano lautuak margotzen hasi aurretik. Mugimendu hori 1907 inguruan sortu zen, eta XX. mendeko garapen estetiko berrizaleenetako eta eraginkorrenetako bat delakoan ikusten da. Picassok neoklasizismoarekin esperimentatu zuen ondoren, eta bere lanak marrazketa eta figurazioarekiko interes berritua agertu zuen gerra arteko epean. Hein batean surrealismoarekin ere harremanetan egon zen; mugimendu horren jarraitzaileek desira erreprimituen, ametsetako irudien eta inkontzientearen nozioei forma eman nahi zieten.
Justin K. Thannhauser bildumazale eta arte-salerosleak oso harreman pertsonal estua zeukan Picassorekin, bi gizonen karreren hasieran osatua, gehienbat 1913 inguruan, Thannhausertarren Municheko galeriak artistaren Alemaniako lehen erakusketa garrantzitsuetako bat antolatu zuenean. Picassoren hogeita hamar lan baino gehiago —haren lanaren hirurogeita bost urte hartzen dituztenak— sartu ziren Guggenheimen bilduman 1978an eta 1991n, Justin eta Hilde Thannhauserren hurrenez hurreneko dohaintzen bitartez