Lurraren azala

105. aretoa

Areto honetan Guggenheim Bildumetako azken eskuratzeak erakusten dira, orain ezagunak egiten ari diren artista garaikideak egindakoak. Aukeraketa honek erakundeak mundu mailako ekoizpen artistikoaren gainean duen interes handia islatzen du; izan ere, Kanbodia, Txina, Ghana eta Koreako, zein Europa eta AEBko artelanak biltzen dira. Artelan horien egileek askotariko gaiak landu dituzte, besteak beste, identitateaz, erbesteaz, memoriaz, arkitekturaren poetikaz, eraikitako ingurumenaren dinamikez, indarkeria fisikoaz eta errepresioaz dihardute.

Galeriaren lehen gunean, Mona Hatoum-en Gure etxea(1999) artelana ikus daiteke. Artistaren esperientzia pertsonalari estuki lotzen zaio, Beiruten jaio eta Londresen erbesteratutako palestinarra baita. Gune berean dago Danh Vo-ren Onena ala ezer ez (2010) artelana. Horrek erreferentzia egiten dio artistaren familiaren nahi bati, hain zuzen, bizimodu hobea izateko nahiari, Danimarkara joandako familia vietnamdarra baitira. Hurrengo gunean, Lee Bul artistaren eskulturek eta Julie Mehretu-ren margolanek erakusten dute elkarren artean konektatuta dauden kontzeptuei heltzeko —arkitektura irudikorra, hirigintza eta eraikitako ingurumenak norbanakoengan eragiten dituen ondorioak— baliabide asko erabil daitezkeela. Hirugarren guneak, berriz, Ai Weiwei, Ik-Joong Kang eta Sopheap Pich artisten lan multzoa biltzen du. Artista horiek materialen erabilera adierazkorrera jotzen dute gai biografiko, historiko eta politikoak adierazteko. Sorkuntza horiek guztiek, halaber ikusgai den Cristina Iglesias-en lanak bezalaxe, gaur egungo gai jakin batzuen inguruko eta askotariko lekuetako kultur tradizioen gaineko elkarrizketa emankorrari.