KUBISMOAREKIN TOPAKETA PARISEN

205 ARETOA

1922an, Giacometti Parisera joan zen Académie de la Grande Chaumière akademian Antoine Bourdelle eskultorearekin ikasteko. Laster ezagutu zituen zenbait artistaren obra postkubistak (besteak beste, Jacques Lipchitz, Henri Laurens, Constantin Brancusi eta Pablo Picassorenak); aurkikuntza horren ondorioz, prestakuntza klasikoa alde batera utzi zuen, eta neokubismoaren hiztegi formala bereganatu zuen, baina oso estilo pertsonalarekin eta giza figuran arreta jarrita.

Ziklade uharteetatik ekarritako antzinako estatua greziarrak ikusi ahal izan zituen Giacomettik Louvren, eta, horren harira, eskulturak planoarekin zuen erlazioa aztertu zuen. Musée d’Éthnographie du Trocadéro museora ere joaten zen sarri, eta abangoardiako aldizkariak irakurri ohi zituen, Cahiers d’art eta Documents esaterako; argitalpen horietan ikus daiteke garai hartan mendebaldekoa ez den artearekiko zegoen zaletasuna.

1927an, eragin horiek Koilara-emakumea  (1927) obran laburbildu zituen. Igeltsuan sortu, eta brontzean moldekatu zen gero, eta garai hartako obra monumental eta totemikoena da. Kubismoaren berezko geometria, arte afrikarreko forma estilizatuak eta Europako modernitatearen sinpletasun formala interpretatzen ditu pieza horretan Giacomettik. Eskulturak abdomen ahur handi bat du, emakumezkoen umetokia iradokitzen duena; garbi dago Dan kultura afrikarreko koilara zeremonial antropomorfoetan inspiratuta dagoela, eta oparotasunari gorazarre egiten dio.

Giacomettiren eskulturak gero eta konplexuagoak eta abstraktuagoak bilakatu ziren, eskultura lau batzuekin muturrera iritsi zen arte; eskultura horiek bolumenik gabeak dira, apur bat grabatu edo zizelkatutako gainazal leundukoak. Horren adibide dugu Burua begira (1929), igeltsuzko eskultura plano bat, barrunbe leun bat duena, ia nabari ez den begi bat dirudiena. Pieza horiek 1929an jarri ziren ikusgai Parisen, eta artista eta intelektual ospetsuen interesa piztu zuten; besteak beste, Georges Bataille, André Breton eta Salvador Dalí-rena.