TESTUA

Arte-ikasketetako ikasle gisa, pinturan espezializatu zen Jenny Holzer. Kazimir Malevich, Ad Reinhardt, Mark Rothko eta Barnett Newman bezalako pintore abstraktuen obra miretsi zuen. 1970eko hamarkadaren amaieran, ordea, Whitney museoko ikasketa programa independentean zegoen bitartean, New Yorken, Holzer arte publikoan arreta jartzen hasi zen, eta testua erabiltzen, adierazpide nagusi gisa.

Hautu horri buruz, honakoa adierazi du artistak: “Hizkuntza aukeratu dut pertsonek —ez ezinbestean artearen mundukoek— nire obren edukia uler zezaten”.

Artistaren sailik goiztiarrena, Truisms (1977─1979) deiturikoa, esaldi bakarreko 250 adierazpenek osatzen dute. Aforismo, esakune eta klixeen antzeko, Holzerren “topikoek” jarrera teoriko, filosofiko eta politiko sorta zabal bat biltzen dute beren barruan. Truismo bakoitzak polemikoa izan litekeen ideia bat aurkezten du, egitate zintzo bat balitz bezala. Truismoen multzoak hainbat ikuspuntu eskaintzen ditu, eta ikusleari aukera ematen dio aztertzeko nola egituratzen diren sozialki balioak, sinesmenak eta errealitatea.

1977. eta 2001. urteen artean, berdingabeko 13 testu-bilduma ekoiztu zituen Holzerrek, eta hainbat bitartekoren bidez erakutsi ditu publikoaren aurrean. 2001eko irailaren 11ko gertakarien ondoren, Amerikako Estatu Batuetako Gobernuak Informazio Askatasuneko Legeari jarraiki zabaldutako dokumentuak aztertu zituen, egun hartan gertatutakoan gehiago sakondu eta jasoera horrek ekarri zuen Ekialde Hurbileko inbasioa hobeto ulertzeko. George W. Bush-en agintaldi-garaian egindako operazio militarren eta Guantanamoko presondegian egindako atxiloketen inguruan; halaber, FBItik eta beste iturri batzuetatik ateratako dokumentuak ere bilatu zituen artistak, mehatxu terroristen eta ziberkontraespioitzaren ingurukoak; mota guztietako dokumentuak bildu zituen: memorandumak, autopsia txostenak, mapak, komunikatu diplomatikoak, galdeketa agiriak eta atxilotuek eskuz idatzitako apelazioak. Gero, dokumentu guzti horien edukia fidelki islatu zuen olio-pinturetan, LED errotuluetan eta argi-proiekzioetan.

Mende berria hastearekin batera, aldaketa jasan zuen Holzerren lanak: berak sortutako testuak soilik erabiltzetik beste autore batzuen poemak eta prosa erabiltzera pasa zen. Fadhil Al-Azzawi, Yehuda Amichai, Joseph Brodsky, Henri Cole, Mahmoud Darwish, Anna Świrszczyńska, Wisława Szymborska eta Adam Zagajewski-ren testuak maiz erabili izan ditu Holzerrek. Berrikiago, irabazi-asmorik gabeko erakundeekin lankidetzan aritu da —tartean, Human Rights Watch, Save the Children, Nazio Batuen Erakundearen Errefuxiatuentzako Goi Mandatartzia, Not Forgotten Association eta Protect Our Defenders—, munduan barrena zuzeneko testigantzak jasotzeko: hainbat eta hainbat bizitzari eragiten dieten indarkeria eta injustiziaren berri ematen dute horiek, baina badira, era berean, eta oztopoak oztopo, ausardiaren eta esperantzaren lekukotza bizi.