Tradizioari desafio egiten

305 aretoa

Atal honetako eskulturak zeharo desberdinak dira elkarrengandik eta, hala eta guztiz ere, modu berritzaile batean arakatzen dituzte guztiek diziplina honek eskaintzen dituen aukerak. Teknika tradizionalen ordez —besteak beste, moldekatzea eta egitura baten erabilera hiru dimentsioko formak eraikitzeko— eskulturarekin normalean zerikusirik ez duten euskarriak erabiltzen dituzte. Alyson Shotzek, adibidez, Gogoeta-objektua (2017) obran, zalantzan jartzen du eskulturak berezkoa duen espazioaren okupazioaren nozioa; obra hau altzairuzko uztaiez elkartutako aluminiozko pieza zulodun ugarietatik abiatuta itxuratu baita. Urrutitik, eskultura trinko eta handi bat dirudi objektuak; ordea, arreta handiagoaz begiratuta, materialaren zeharrargitasuna eta moldagarritasuna antzemango ditugu. Bolumenaren eta masaren ordez, tentsioak eta grabitateak eraldatzen dute xafla metalikoa, eskultura bihurtzeko.

Estudioan bakarlanean arituta inspirazioa lortzen duen artistaren ideia ezeztatu egiten da areto honetan ageri diren obretan, zeinak nabarmendu egiten baitituzte sorkuntzaren ikuspegi ez oso ortodoxoak. Performancea, esperimentazioa, kolaborazioa eta jolasa funtsezkoak dira pieza hauek sortu izan ziren testuinguruetan. Adibidez, Hichiko Happo (2014) obrak, publikoa aurrean zela Bilbon egindako ekintza batean Yoko Onok margotuak, egile honen praktika performatiboa eta bere alderdi plastikoa uztartzen ditu.

Peter Fischli eta David Weiss artistek batera egindako Gauzen norabidea (1987) obra asmamenaren erakusgarri argi bat da. Filmak kateko erreakzio zinematografiko bat aurkezten du: mugimendu etengabe baten irudipena sortzen du elementu arrunt batzuen bidez, besteak beste, pneumatikoak, su artifizialak eta globo bat erabilita. Itxura sinple batekin aurkeztuta, hutsegite orkestratuen sekuentzia batez osatutako filma da, besteak beste, erorikoak, isuriak eta eztanda txikiak jasotzen dituena, kaos kontrolatu baten continuum bat osatzeko. Jolasaren eta esperimentazioaren asmamen handiko konbinazio zoragarri baten bidez, eguneroko objektuak eta absurdua elkartzean, Gauzen norabideak zalantzan jartzen ditu goi-mailako kulturaren oinarriak.