Turrustak, Enborrak, Esferak eta bestelako erretikula-motak (1969-88)

Gegoren eskultura esekien sorta bat aurkezten du atal honek. “Infinitu neurtuaren” nozioa laburbiltzen dute eskultura horiek, eta nozio hori Alfredo Silva Estrada venezuelar poetak Gegoren omenez idatzitako “Variaciones sobre reticuláreas” (Erretikulareen gaineko aldaerak, 1979) poeman erabilitako oximoron poetikoa da, hain zuzen ere. Artistak egituraren, espazioaren, argiaren, itzalaren, lerroaren eta erretikularen inguruan egindako esperimentazioa iradokiz, poemak elementu finitu eta mugatutzat jotzen du espazio infinitua, Gegoren formen bidez infinitua neurtzeko saiakera sinboliko (eta paradoxiko) gisa.

Bisitariek hiru sail garrantzitsuren adibideak dituzte aztergai: Turrustak (1970–74), Enborrak (1974–81) eta Esferak (1976–77). Aretoaren erdigunean bertikalki esekiak, obra minimalista horiek hauskortasuna, grabitatea eta gardentasuna bezalako gaiak nabarmentzen dituzte, eta artistaren bilakaera formala ulertzen laguntzen dute. Halaber, badira laukietan edo triangeluetan oinarritutako erretikula-formako beste pieza eseki batzuk ere. Metalezko elementu geometrikoz osatuta daude, eta espazioan ehundutako lerroen konstelazioak iradokitzen dituzte elkarrekin erakustean.