Ursula irribarrez 2

203. ARETOA

Alex Katz estatubatuarraren Irribarreak (1993–94) saila emakumeen 11 erretratuk osatzen dute. Katz sarritan abiatzen da bere ingurukoetatik (emaztea, lagunak eta abar), eta haien bataio izenak erabiltzen ditu izenburuetan. Sail honetako emakumeak irribarrez ageri dira, hondo ilun baten aurrean. Hondoaren neutraltasuna eta hoztasuna irribarreen adiskidetasunaren oso bestelakoak dira, eta argi gehiegi erabiltzeak, hots, argazkilaritzari maizago lotutako baliabidea pinturara ekartzeak, desberdintasun hori areagotzen du, baita irudiaren lautasuna ere. Irribarreek ere, lanean funtsezkoak direnak, pinturen anbiguotasuna handitzen dute. Irribarrearen atsegintasuna eta hurbiltasuna erretratu batzuetako aurpegieraren urduritasunaz ohartzen garenean itzaltzen da

Katzen obra figuratiboa izan arren, asmoa ez da erretratua egiten ari zaion modeloaren nortasuna irudikatzea, irudikapenaren izateari eta irudien pertzepzioari buruzko hausnarketa sakonago bat aurkeztea baizik. Ibilbide osoan formatu handiak erabili ditu erretratuak egiteko, eta erretratuaz baliatu da irudiaren eta hondoaren arteko erlazioa aztertzeko. Inoiz pop artearen barruan sailkatu dute Katz; hala ere, artistak ez du horrelakorik onartzen.