UTOPIA ETA MUNDU IMAJINATUAK

Gasteizko Samaniego ikastetxeko 4., 5. eta 6. mailako 21 ikasle

Irakasleak: Miren Jasone García, María José Egiluz eta Itsasne Larruskain
Artista: Ibon Sáenz de Olazagoitia
Arloa: Gizarte Zientziak
Hizkuntzak: euskara eta gaztelania

Samaniegoko taldearentzat Artea ikasbide lagungarria izan zen EUSLE programarako, hau da, gure hezkuntza- sistemara iritsi berri diren 4., 5. eta 6. mailetako ikasleengan euskarazko murgiltze linguistikoa sustatzea helburu duen egitasmorako. Izan ere, artea integrazio-tresna gisa erabil daiteke ingurunera eta hizkuntzara moldatzeko. Talde anitz horretan hainbat egoera bizi izan zituzten; hala, ukrainar mutiko batek interprete- eta enbaxadore-lana egin zuen Gasteizera iritsi ziren herrikideentzat, esaterako ikastetxera eta programara ikasturtean zehar iritsi ziren Ukrainako gerrako bi haur errefuxiaturentzat.

Utopia kontzeptuak pizgarri edo abiapuntu gisa balio izan zien lana garatzeko. Lehenik, egungo inguruneaz gogoetatu zuten: hurbilenetik hasi —Gasteiztik eta beren ikastetxetik, Samaniegotik— eta urrunenera —planetara, unibertsora—. Ondoren, etorkizun idealerako proiekzio- ariketa bat eginez, mundu idiliko bat irudikatu zuten, betiere ikuspegi baikor batetik, denen ekarpenak kontuan hartzen zituzten talde-lanen bidez.

Lurraldea den bezala irudikatzen duten mapekin hasi zuten ikerketa, ingurune hurbilenetik abiatuta, hiria hobeto ezagutzeko xedez. Ondoren, Gasteizko mapak sortu zituzten 1/1 eskalan; horretarako hainbat eremu hautatu zituzten, eta bai paperean bai buztinean erregistratu zituzten. Ondoren begirada zabaldu zuten, eta Lurra planetan zentratu ziren, baita harantzago ere, unibertsora proiektatuz.

Jarraian, utopia hitzaren esanahiari buruz eztabaidatu ondoren, idatzizko esaldietan jaso zituzten etorkizuneko munduari buruzko espekulazioak. Etorkizun desiratuaren ikuspegi pertsonal eta kolektiboaren adierazpen horiek buztinezko “zoriaren gaileten” barruan gorde zituzten. Alegiazko munduek artean izan dituzten irudikapenetan inspiratuta, etorkizuneko garraiobide utopikoak, banderak eta txanponak ere marraztu zituzten.

PROIEKTUEN BILATZAILEA