Varengeville, Vanitas-ak, Barrualdeak, Billarrak
Bigarren Mundu Gerra lehertu zenean, Varengeville-sur-Mer-en hartu zuen babes Braquek. Hain zuzen ere, artisten topaleku garrantzitsu izan zen hogeita hamarreko hamarkadan eta Paul Nelson arkitekto estatubatuarrak eraikitako estudioa zuen bertan Braquek. Geroago, nazien Okupazioaren eta Vichyko Gobernuaren garaian, Limousinen bizi izan zen denbora batez eta Tolosa inguruan gero; azkenik, Parisko tailerrean egon zen Okupazioa amaitu artean eta tarteka Varengevillera joan-etorriak egiten zituen. "Inguruan gertatzen zenarekiko oso sentikorra” zela aitortu zuen, eta, horrenbestez, artelan ilun eta minez beteak egin zituen garai hartan. Gurutze eta errosarioak alboan zeramatzaten garezurrak edo kristau ikonografiaren arrain tipikoak ziren gerraren zorigaitzaren aurrean egindako irudiak. Gizakien figura beltz eta fantasmagorikoen siluetek, atzetik begiratuta, artistak bere tailerrean astoaren aurrean dela sentitzen duen bakardadea eta malenkonia islatzen dituzte.