Telefono biguna | Claes Oldenburg | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

103 aretoa

2005.06.08 - 2006.06.04

Robert Rauschenberg, gai, estilo, material eta teknika anitzak bildutako obrak sortu zituenez, Bigarren Mundu Gerraren ondoren sortutako ia mugimendu guztien aitzindaritzat hartu izan dute, Espresionismo Abstraktutik hasita. 1940ko hamarkadaren bukaeran, artean jardutea erabaki zuenean, pintura arteari eta bizitzari lotuta zegoela ikusi zuen eta ikuspegi horrek desafio egin zion estetika moderno nagusiari. 1950eko hamarkadaren erdialdera, mundu errealeko irudiak eta objektuak pintura abstraktuarekin konbinatu zituen Combines izeneko lanetan; hark hasitako Combines ezagun horiek pinturaren eta eskulturaren arteko bereizketa tradizionalari aurre egin zioten.

Obra horiek tekniken artean betidanik gordetako elkarrizketari bide eman zioten, alegia, eskuz egindakoaren eta aurkitutakoaren artean, eta keinuzko pintzelkadaren eta baliabide mekanikoen bidez erreproduzitutako irudiaren artean. New Yorkeko eta Bilboko museoek batera eskuratutako Gabarra (Barge, 1963) obra monumentala da, zuriz, beltzez eta grisez egina, eta artistak bere 79 serigrafietan behin eta berriz erabili izan dituen motiboetako asko biltzen ditu: hiriko giroa, atletak, esplorazioa eta espazioko hegaldiak, garraiabideak, baita artearen historiatik hartutako adibideak ere (Velázquez- en Ispiluko Venusa).


Pop arte estatubatuarraren erakusketa honek 1960ko hamarkadan espresionista abstraktuek bereizgarritzat zituzten keinuaren nagusitasuna eta auto-espresioa gaitzetsi zituzten artisten belaunaldia aurkeztu zigun. Beren teknikak, estiloak eta ikonografiak masa-erreprodukzioaren eta kontsumo-gizartearen alderdi jakin batzuetan oinarrituz, pop artistek publizitatea, komikiak, publizitate hesiak, zinema, telebista, komiki zerrendak eta erakusleihoak hartu zituzten inspirazio iturritzat. Umorez, argitasunez eta ironiaz aurkeztu eta zenbaitetan eraldatu egiten zituzten irudiak herri kulturaren gorespen gisa nahiz kritika gisa har daitezke. Erakusketak mugimendu horretako aitzindarietako batzuen obrak bildu zituen, esate baterako, hauenak: Jim Dine, Roy Lichtenstein, Claes Oldenburg, James Rosenquist eta Andy Warhol.

 

Claes Oldenburg
Telefono biguna (Soft Pay-Telephone), 1963
Kapokez beteriko biniloa, margotutako zurezko panel gainean muntatua
118,2x48,3x22,8 cm
Solomon R. Guggenheim Museum, New York
Ruth eta Philip Zierler jaun-andreek bere seme William S. Zierler zenaren oroigarritzat dohaintzan emandakoa 1980an

 

Partekatu