Bitarte argitsua
2011.04.12 - 2011.10.16
Bitarte argitsua: The D. Daskalopoulos Collection erakusketan ikusgai izan ziren D. Daskalopoulos Collection-en funtsetako artelanak: bilduma pribatu hori munduko arte garaikideko garrantzitsuenetako bat da eta bertan nazioarteko 30 artista baino gehiagoren lanak zeuden. Erakusketaren komisarioak Solomon R. Guggenheim Museum-eko Nancy Spector, Zuzendariordea eta Arte Arduradun Nagusia, eta Katherine Brinson, Arte Arduradun Laguntzailea izan ziren. Tituluak Nikos Kazantzakis (1883–1957) filosofo grekoak idatzitako liburu batean izan zuen jatorria: Kazantzakisen arabera, "bitarte argitsu" bat da bizitza eta tarte horretan hondamendia eta gainbehera nahitaezkoak dira ezer sor eta berri dadin. Erakusketaren oinarri ziren 1980ko eta 1990eko hamarkadetan Louise Bourgeois, Robert Gober, Mike Kelley, Martin Kippenberger, Paul McCarthy eta Annette Messager artista bikainek sortutako lanak; baina, era berean, ikusgai jarri dira talentu gazteagoen proiektuak, hala nola, Paul Chan-enak, Guyton Walker-enak, Nate Lowman-enak eta Wangechi Mutu-renak.
Areto oso bat hartzen dituzten instalazioak D. Daskalopoulos Collection-en bereizgarriak dira. Hala, erakusketa honetan eskala handiko artelan ugari egon ziren, esaterako, Thomas Hirschhorn-en Kobazulogizakiagizakia (Cavemanman, 2002) lana, material xumeekin egin zuen katakonba, eta John Bock-en Palms (2007), baliabide anitzezko paisaia misteriotsua. Ingurune konplexu eta kaotiko horiek orekatzeko baina, bestelako baliabide formal baten adibideak egon ziren, hain zuzen, geometria zurrun neurritsua irudikatzen duten honako eskulturak: Mona Hatoum-en Korronte haustea (Current Disturbance, 1996) izeneko barrikada itxurako egitura elektrikoa, Kendell Geers-en Akropolia orain (Akropolis Now, 2004) burdin harizko sareta, eta Damien Hirst-en Asmatikoak ihes egin du (The Asthmatic Escaped, 1992) norbaitek atzean utzi duen beirazko kutxa. Ikusgai izan ziren artelan batzuek, Kutlug Ataman-en Küba (2004) eta Walid Raad/The Atlas Group-en Une batez ikaratu nintzen arrazoi izan nezakeela pentsatzean (I Was Overcome by a Momentary Panic at the Thought that I Might Be Right, 2004) lanek bereziki, egungo bizitzaren krisiei aurre egiten zieten, eta horretarako nagusi diren kultura identitatearen inguruko narrazioetan sakontzen dute. Beste batzuek, ordea, norbanakoaren identitateari lotutako alderdi intimoenak aztertzen dituzte, eta ikerketa horretan, arreta berezia jartzen dute giza gorputzaren emankortasun eta desintegrazio egoeretan. Erakusketa honek gizatasunaren baitan itxaropena eta etsipena elkarrekin direla ikertu zuen, eta ikusgai jarri zituen tentsio dialektiko horrek dakartzan sortze-lanerako aukerak.
Thomas Hirschhorn
Kobazulogizakiagizakia (Cavemanman), 2002
Zura, kartoia, zinta itsaskorra, aluminio-papera, liburuak, horma-irudiak, bideoak, panpinak, latak, apalak, aerosol-pintura eta argi fluoreszenteak
Neurri aldakorrak
D.Daskalopoulos Collection
©Thomas Hirschhorn