Degasetik Picassora: pintoreak, eskultoreak eta kamera
2000.06.06 - 2000.09.10
XIX. mende amaierako artista europarrak argazkigintzaren teknika berriari esanahiren bat bilatzen saiatu ziren eta baliabide berri honek arte-alorrean zuen paperaz baliatzen ahalegindu ziren halaber. Gaur egungo teknologiarekin gertatzen den bezala, artistek baliabide berri hau beren pintura eta eskulturetan erabiltzeko bidea aurkitu zuten. Kamerak hartuta, beren gaiak bizitasun handiagoz aztertzea edo beren lanen argazkiak egin eta bestelako argi baten pean behatzea ahalbidetzen zien teknika horrek ematen zien aukeraz baliatu ziren. Artistak pozarren hartu zuten argazkigintzak begiak ikusterik ez zuena agerian uzteko zuen ahalmen handia, izan ere, X izpien bidezko argazkiek, ekintzen argazkiek eta esposizio bikoitzak irudiak hautematen lagundu baitzien artista hauei.
Degasetik Picassora: pintoreak, eskultoreak eta kamera erakusketan 350tik gora pintura, marrazki, eskultura, paper gaineko lan eta argazki biltzen dira, gehienak ere 1880 eta 1920 bitartekoak. Artelanon artean eragin handiko artista ezagunen lanak ditugu, hala nola, ondokoenak: Pierre Bonnard, Constantin Brancusi, Edgar Degas, Paul Gauguin, Fernand Khnopff, Gustave Moreau, Alphonse Mucha, Edvard Munch, Pablo Picasso, Auguste Rodin, Medardo Rosso, Franz von Stuck, Félix Valloton eta Édouard Vuillard. Erakusketa honetarako aukeratutako lanek ondo baino hobeto erakusten dute artista hauetako bakoitzak argazkigintzaren aurrean izandako erantzun berezia, batetik, eta baliabide hori erabiltzeko modu pertsonala, bestetik. Era berean, erakusketa honetan artista hauen lanez gain, garai hartako argazkilari profesionalen argazkiak ere bildu ditugu, Edward Steichen eta Eadweard Muybridge-renak esaterako, posta-txartelak edo bat-bateko argazki herrikoiekin batera.
Argazkigintzak sorkuntza-prozesuan izandako garrantzia batzuengan eta besteengan oso desberdina izan bazen ere, artista hauetako askok aurreko mugimendu artistikoenaz bestelako ikuspegi estetiko bera partekatu zuten, eta horrek errotiko aldakuntza ekarri zuen garai hartan errealitatea hautemateko moduari zegokionez. Mende amaierako artista haien ezaugarri bereizgarria Henri Bergson eta Sigmund Freud-en filosofiaren bidez eman zen aditzera, errealitate hautemankor eta unibertsalaren nozioa kolokan utzi baitzuten, denboraren eta espazioaren mende zegoen mundu-ikuskera subjektibo "erreal" baten alde eginez. Nozio hau ederki errotu zen artista sinbolisten artean, baita artista hauen eragina zutenen artean ere, eta horrek argia ekarri zuen naturaren antzeratze hutsaren bidez argitu ezinekoa zen alor psikiko eta mentalera. Argazkigintzaren teknikak giza begiak ikusterik ez zuten xehetasunak agerian uzteko metafora ezin hobea osatzen zuen, ikusmenari ezkutuan gordetzen zaiona huraxe argitara ateratzen baitzuen.
Garai sinbolista honetan argazkigintzak izandako bilakaerak berebiziko eragina -ezezaguna askotan- izan zuen orduko artistengan, baita mugimendu sinbolistarekiko lotura esturik ez zuen Edgar Degas bezalako artistengan ere. Edgar Degasek ekipo konplexu batekin esperimentatu zuen, ordurako modatik kanpo zegoena, baliabide hau erabiliz aztergai zituen motibo eta gai estetikoak arakatzeko helburuz. Bere modeloak ia erabateko iluntasunean murgilduta daudela egindako erretratuek, eguneko argitan hautematen ezinezkoa den modelo horien nortasuneko zera horren bilaketa uzten dute agerian. Ildo beretik, Alphonse Mucha, Art Nouveauren artista grafiko aitzindaria izateaz gain, argazkilari zorrotz eta gogotsu gisa agertzen zaigu. Fernand Khnopff eta Gustave Moreau, batzuetan argazki bidezko erreprodukzioak xehetasun handiz berriro landu zituzten artisten artean ditugu, birlantze horretan argazki horiek beste artelan bat bihurtzen zituztelarik. XX. mende hasieran, Picassok, argazkigintzarekiko elkarreraginean, alor ugari jorratu zituen, eta elkarreragin horretan adiskideen erretratu amateur-ak, lantzen ari zen lanen argazki bidezko erregistroak edota maisu zaharren lanen kopia diren postaletako irudien bildumak egin zituen, besteak beste.
Erakusketa honetan biltzen diren beste artista batzuek bere irudimena edo oroimena pizteko erabili zuten argazkigintza, Paul Gauguinen lanetan antzematen denez. Gauguinen koadro tahitiarrak, Borobudureko erliebezko tailak edo Atenasko Partenoiko frisoak bezalako toki exotikotako postal eta bestelako argazkietan oinarritu ziren askotan, eta gerora berekin eraman zituen irudiok Hegoko Itsasoetan zehar egindako bidaietan. Pierre Bonnard eta Édouard Vuillarden ezin konta ahala bat-bateko argazkiak, Kodak kamera batez eginak, eguneroko bizitzako ingurunearen xehetasun eta ñabardurak hautematen dituen argazki-sorta osatzen dute, eta gai zein forma aldeko bat-etortzea erakusten dute artista hauetako bakoitzaren pintura-lanekin. Edvard Munchek mundu psikikoaren bizitasun handiko irudia hautemateko erabili zuen argazkigintza, mundu psikiko hori argazki bidezko autorretratu oroiterazle bezain aztoratzaileetan modu harrigarrian irudikatuz.
Argazkigintzak hiru dimentsioko artean izandako eragina, eta arte honek argazkigintzan izandako eragina, ondo antzematen da Constantin Brancusi, Medardo Rosso eta Auguste Rodinen lanetan. Brancusi eta Rossok beraiek egindako argazkiak erabili zituzten beren lanen gaineko interpretazioa kontrolatzeko bitarteko gisa. Auguste Rodinek ez zuen inoiz bere lanaren argazkirik atera, beste argazkilari batzuen esku uzten baitzuen egiteko hori, Edward Steichen-en esku bereziki, argazkilari haren bat-bateko argazkiek edukiz betetako esanahi berriak ematen zizkiotelarik Rodinen eskulturei.
Bestalde, erakusketa honek aztergai hartzen du halaber argazkigintzari buruz arte-forma gisa zegoen nozioa, alegia, tresna mekaniko soila besterik ez zelakoan, hainbatek eta hainbatek, teknika horrez baliatzen ziren artistek beraiek ere, argazkigintza gutxiesten zuten garai hartan bitarteko honi buruz zegoen ikuspegia. Erakusketa honetan bildu ditugun artista askok jendaurrean argazkigintza baztertzen zuten arren, sormen handiko harremana izan zuten teknika harekin. Franz von Stuck eta Fernand Khnopffen xehetasun handiko argazkietan, esaterako, modelo edo irudikapen soilak baino, konplexutasun handiko irudimenezko osagaiak agertzen ziren. Bestetik, Edvard Munch, Pierre Bonnard eta Pablo Picassoren autorretratuak ikerketa psikologikoaren fruitu dira. Azken batean, kameraren erabilera subjektiboa nabarmenduz, erakusketa honetan bildutako artistek argazkigintza artetzat hartua izatea lortu zuten.
Degasetik Picassora: pintoreak, eskultoreak eta kamera erakusketa Dallas Museum of Art-ek antolatu du eta Dorothy Kosinski, DMAeko Barbara Thomas Lemmon Arte Europarreko Bildumaren Arte-arduraduna, izan da erakusketa honetako komisarioa.
Paul Gaugin
Bainila-landareen baratzean: gizona eta zaldia (Dans la vanillère, homme et cheval), 1891
Olio-pintura mihise gainean
73 x 92 cm
Solomon R. Guggenheim Museum, New York, Thannhauser Bilduma, Dohainza, Justin K. Thannhauser 78.2514.15