Erreferentzia - markoak:hedabideei buruzko gogoetak
2000.09.23 - 2000.10.04
Erreferentzia-markoak programan telebistak, argazkigintzak, zinemak, bideoak eta irudiaren teknologiek nortasun publiko eta pribatuak eratzeko garaian jokatzen duten betekizuna aztergai dituzten zine- eta bideo-zuzendarien azken urteotako lanak aurkezten zaizkigu. Erakusketa honetan bildutako artista askok hedabideen nonahiko eragin neurrigabea salatzen dute, kamerak errealitatearen hautemateak itxuratzeko darabilen modua agerian uzteko ahaleginean. Beste artista batzuek, ordea, forma pertsonalagoetara zuzentzen dute beren begirada, egunerokoaren funtzioa betetzen duten etxean egindako film eta bideoetara esate baterako.
Erreferentzia-markoak programa gaika banatu da eta Ameriketako Estatu Batuak zein Latinoamerikako film eta bideoak biltzen dira bertan, nazioen arteko mugak gainditzen dituzten lanon ahalmen handiaren erakusgarri. Lan hauetako batzuetan hedabideek gure espazio, toki edo nortasun nazionalari buruzko nozioa kolokan jartzeko duten ahalmenari buruzko ikuspegi garratza aurkezten zaigu. Beste artista batzuek nortasuna eta irudikapena aztertzen dituzte, talde etniko eta sozialek hedabideen deskribapenetan duten presentzia auzitan jarriz, eta irudiok zein gunetan proiektatzen diren eta adierazpenok taxutzeko modua aztertuz. Funtsean, lanotan istorio bakoitzeko protagonista eta narratzaileak, zein istorio hauen hartzaile izango den publikoa arakatzen dira. Serie honek, bestalde, industriak baldintzatutako zinema komertzialeko eta telebistako estandarrek gure itxaropenak eta gertakari zein kontakizunen gaineko gure ulermena itxuratzeko darabiltzaten moduak aztertzen ditu halaber. Zenbait zuzendarik publiko orokorrak pertsonaia ospetsuekiko duen miresmen handia, eta hedabideek ikono ospetsuak sortzeko garaian dute eginkizuna aztertu eta salatzen dute. Beste zuzendari batzuek, berriz, gizartean baztertutako pertsonekin edo hedabide garrantzitsuenek alboratutako taldeekin elkarlanean burututako proiektuetan parte hartzen dute. Aniztasun horri esker, kontakizun eta narrazio-eredu konplexu eta zabalagoak aurkezten zaizkigu.
Historiaren eta oroimenaren eraketa funtsezko alderdia da argazki-irudiek eta zinema-irudikapenek irudiak esparru historiko jakin batzuen barruan nola kodetu ditzaketen aztertzen duten serie honetako artista askorentzat. Nodo eta artxibategietako sekuentziak berreskuratu eta berrikusi egin dira, fikziozkoa ez den zinemagintzan "egia" dokumentalak dioena aztertzeko. Era berean, dokumentalen zuzendariaren funtzioa aztertu da, zineman aurkezten duen komunitatearekin dituen harremanak eta komunitate horrekiko erantzukizuna albora utzi gabe. Dokumental pertsonalek zinemagile bakoitzaren kezka eta ardurak deskribatzeaz gain, kamera eta bideo-grabatzaile txikiak eskuratzeko erraztasun handiari esker sortu diren familiako artxibategi ez-ofizial ugari aurkezten dizkigute, kamerak hautematen duenaren eta ez duenaren arteko auzia mahaigaineratuz.
Bai lan dokumentaletan, bai narratiboetan ere, genero tradizionalak berariaz antzeratzen eta itxuratzen dira, inolako irakaspenik eman nahi ez duten eta, hala ere, kitzikagarri bezain serioak izan daitezkeen topaketen bidez gure garaiko auziak islatzen dituzten hibrido berriak sortuz. Umorea erabiltzen da egia dokumentalari buruz ditugun premisak kolokan jartzeko, hedabideek entzungor egin ohi dieten gai korapilatsu eta eztabaidagarriei heltzeko batetik, eta hedabideen teknologia bere kasa haztea nola ahalbidetu den maltzurki oroitarazteko, bestetik. Serie honen egileek higitzen ari den irudien magia eta erabateko gozamena oroitarazi nahi digute, erreprodukzio mekaniko batek "bizitzara sortzearen" lekuko izatea gogoratzearekin batera. Beren ahaleginei esker, XIX. mende amaierako lehen irudiak mugimendu bihurtu zituen fantasiaz bustitzen dute guztia berriro ere, gaur egun hurkoarengana orduan bezainbesteko magiaz garraiatzen gaituzten irudien magia beraz hain zuzen ere.
Erreferentzia-markoak programaren barruan Ameriketako Estatu Batuak, Brasil eta Mexikoko zinema, bideo eta multimediako bekadunen proiektuak aurkezten dira. Rockefeller Fundazioen zinema, bideo eta multimediako beken bidez, Ameriketako Estatu Batuak eta Latinoamerikako ikus-entzunekoen alorreko ikasleei laguntza eman zaie. Ameriketako Estatu Batuetako bekak 1988an hasi ziren ematen, eta Latinoamerikakoak berriz 1992an. Latinoamerikako ikasleei zuzendutako bekak John D. and Catherine T. MacArthur Foundationek finantzatzen ditu Rockefeller Fundazioarekin batera. Beka-programa honi esker, beren ikuspegiak arakatu eta beste batzuekin partekatzeko aukera izan dute 200etik gora artistek.
Leandro Katz
Maite nauzun egunean (El día que me quieras), 1998
Argazkia: Freddy Alborta