Atocha | Antonio López García | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Forma eta figurazioa. Blake-Purnell Bildumako maisu-lanak.

1998.05.08 - 1998.06.24

Aukera bi dauzka bildumagileak bere lana egitean: artearen historiaren gutxi gorabehera zehaztutako zati baten ikuspegi ordenatu eta metodikoa eraikitzea, edo begirada asaldatua, itxuraz ia arbitrarioa, proposatzea.

Lehenengo alternatiba mundua barne hartzen saiatzea da, bilduma trinkoa, itxia eta, batzuetan, arau-emailea egiteko; bigarrenak mundu pertsonal eta besterenezin bat sartu nahi du barruan, arte-historiek berretsitakoaren bestelakoa. Lehen bidea handinahi eta nahaspilatsuagoa da, bigarrena berriz, errebindikatibo eta arriskutsuagoa. Mel Blake eta Frank Purnell medikuak bigarren sail honetakoak dira.


Blake eta Purnellek orain dela berrogei urte baino gehiago hasi zuten beren bilduma koherentzia-zentzu argi batekin; horrek markatu du, hain zuzen ere, beren gustu pertsonala eta figuraziora sentitzen duten joera. Harrezkero, Estatu Batuetako bildumagile horiek ehun lan baino gehiago bildu dituzte, urte horietan guztietan artearen mundua gailendutako arte abstraktua neurri handi batean alde batera utzita.

Blaken eta Purnellen nahia arte figuratiboko bilduma egitea izan arren, era askotako estilo indibidualak, ezagutza kulturalak, gaiak, formatuak eta teknikak bildu dituzte bertan. Beren bilduman Latinoamerikako artisten lanekin batera (Fernando Botero eta Claudio Bravo), Europako artista (Antonio López García eta Lucian Freud) eta Ameriketako Estatu Batuetako artistenak (Larry Rivers eta Vincent Desiderio) ere badaude. Elkartasunean kontraste eta antzekotasun ugari erakusten dituzte. Banan-banan hartuz gero, ostera, bakoitzaren ezaugarri espresiboak nabarmentzen dira. Bestalde, Paul Delvaux edo René Magritte bezalako artista ospetsuak hain ezagunak ez diren beste batzuekin nahasten dira. Bildumaren gai nagusiak giza irudia, bodegoiak eta mendebaldeko tradizio handia jasotzen duten eta XX. mendeko artearekin lotzen diren lan narratiboak dira.

Bildumagile hauek beti erakutsi izan dituzten kezka eta interes ugariei esker, XX. mendeko figurazioaren korronteak eta surrealismoa, gerraosteko errealismo espainiarra, alegoria, fantasia eta fotoerrealismoa bezalako genero nagusiak biltzen dira bilduma honetan. Hala ere, hori ez da izan Blake eta Purnellek ezarritako orden eta metodologian oinarritutako irizpide zorrotzen ondorioa; izan ere, bildumagileok beren barne-eragin pertsonalen arabera osatu dute bilduma. Hori dela-eta, artearen historiak eta kritikak berretsi dituzten korronte artistiko nagusietatik aldendu eta beste alderdi batzuetan sakontzen du bildumak.

1960ko hamarkadan, Blake eta Purnellek artista gazteak aurkitu eta laguntzeko nahia agertu zuten; egun ere, horretan dihardute. Horrela, beranduago errealismoaren maisu bilakatu ziren artisten lanen bilduma handia eraiki zuten. Espainiako Antonio López García eta Txileko Claudio Bravoren lanek, adibidez, berehala liluratu zituzten Blake eta Purnell. Antonio Lópezen koadroak betiko eta misterioz betetako gizatasunaren oroitzapenengatik, eta Bravorenak berriz, bere kalitate sentsual eta adierazpen teknikarengatik. López García abiapuntutzat hartuta, bildumagile hauek Espainiako Eskola Errealista ezagutu zuten. Hain zuzen ere, beren bildumak eskola horretakoak diren Carmen Laffón, Lucio Muñoz eta Isabel Quintanillaren lanak ere jasotzen ditu.

Blake eta Purnellen ahalegin sendoa begirada zehatz bati, gustu pertsonal bati leial izatea zen; erakusketa honen ahalegina, ostera, abstrakzioz eta abangoardiez beteriko mende honetako artearen historiaren beste alderdi batzu jendaurrean aurkeztea izan zen.

 

Antonio López García
Atocha, 1964
Olio-pintura zur gainean
95 x 105 cm
Blake-Purnell Bilduma

Partekatu