Hiri modernoa
2001.10.02 - 2002.06.16
Hiri modernoa erakusketan hirietako paisaiak aztertzen dira, aro modernoaren ikono garrantzitsuenetakoak bertan aurki daitezkeen aldetik. Izan ere, hiriak XX. mendearen hasierako artisten inspirazio-iturri bilakatu ziren, artista haiek XIX. mendeko paisaia bukolikoak gaitzetsi baitzituzten panorama industrialen alde —Parisko Eiffel dorrea edo New Yorkeko Times Square—. Parisen eta New Yorken bizi ziren artista haiek metropoli handi horietako giroa ez ezik modernitatearen eta aurrerabidearen zentzua ere islatu zuten. Bilduma Iraunkorraren aurkezpen honek Robert Delaunay margotutako Parisko ikuspegiak, nahiz Albert Gleizes-en New Yorkeko ikuspegiak eta George Grosz-en Berlingoak jarri ditu ikusgai.
Hiri modernoa erakusketaren osagai gisa, zenbait film proiektatuko dira XX. mendearen lehenengo erdiko abangoardia artistiko, zinematografiko eta eszenikoen sorkuntza-lan aipagarrienak islatzeko. Film horien egileen artean ditugu Louis Feuillade, Man Ray, Fernand Léger eta René Clair, 1920ko hamarkadako Parisko irudiak erakutsiko dizkigutenak. Walter Ruttman-en Berlin: Hiri baten sinfonia filma, protagonista handia eta bakarra Alemaniako hiriburua izanik, Berlinen egun osoz ibiltzera gonbidatuko gaitu. New Yorkeko hiriaren ikuspegiak Charles Sheeler eta Paul Strand-ek, edo Ralph Steiner eta Willard Van Dike-k eskainiko dizkigute, hiria une desberdinetan dokumentatuz.
Robert Delaunay
Eiffel dorrea (Tour Eiffel), 1911
Olio-pintura mihise gainean
201,9 x 138,4 cm
Solomon R. Guggenheim Museum, Nueva York
Dohaintza Solomon R. Guggenheim