Jasper Johns
Laster ikusgai

Jasper Johns: Night Driver

2026.05.29 - 2026.10.12

Jasper Johns: Night Driver atzerabegirako garrantzitsua izango da, gerraosteko artearen figura gailena den artista iparramerikarraren ibilbide osoa aztertuko baitu. Mundu osoko bilduma publiko eta pribatuetatik etorritako ehun bat lanekin, atzerabegirakoaren abiapuntua espresionismo abstraktua behin betiko atzean utzi zuten Johnsen 1950eko hamarkadako bandera, diana, letra, zenbaki eta mapen pintura ikonikoak izango dira. 1960ko hamarkadan, bere aurreko lanetako inpertsonaltasuna alde batera utzi eta emozio barnerakoi baina bizien aldarte berri bat agertzen zuten lanak egiten hasi zen artista, malenkonia eta barne-asaldura sentsazioa islatzen zuten lanak. Hamarkada horren amaieran, askok dagoeneko funtsezko piezatzat zuten Johns Pop artearen, minimalismoaren eta arte kontzeptualaren bilakaeran.

Izaera analitiko eta gogoetatsua duten mugimenduak dira hirurak, eta Johnsen lanak ere ezaugarri horiexek ditu. Jarraitzeko, Erakusketak 1970eko eta 1980ko hamarkadetan egindako lanak jorratuko ditu, besteak beste, gurutzatutako bilbez eraikitako pieza abstraktuak; garai desberdinetako beste artista batzuen erreferentzia edo aipu bisualez jositako piezak; lau urtaroei buruzko saila; eta eremu laukizuzen baten ertzerantz grabitatzen duten begiak, sudurra eta ezpainak dituen emakume baten aurpegia irudikatzen duten lanen sorta. Erakusketari amaiera emateko, 1990 eta 2000. hamarkadetan egindako sorkuntzen aukeraketa bat erakutsiko da; garai horretan artistak bere gai ikonikoetako batzuk berrikusi eta ideia berriak esploratu zituen, hala nola Catenary sailean.


Arte plastikoen eszena eraberritu zuen eta, bere garaikideentzat ez ezik, oso joera estetiko ezberdinetako belaunaldi berrientzat ere inspirazio-iturri izan zen sortzailearen zazpi hamarkadako ibilbide luze eta emankorra aztertuko du, beraz, Jasper Johns: Night Driver erakusketak.

Aretoak: 201, 202, 203, 205, 206, 207, 209
Komisarioa: Enrique Juncosa

Jasper Johns
Otik 9ra (0 through 9), 1961
Olio-pintura mihise gainean
1372 × 1048 mm
Tate. Dohaintza: Friends of the Tate Gallery 1961
T00454
© Jasper Johns, VEGAP, Bilbo, 2025