Itzal-antzerkia | Javier Téllez | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Javier Téllez: itzal-antzerkia

2018.07.12 - 2018.11.18

Javier Téllez (Valencia, Venezuela, 1969) artistak talde eta komunitate baztertuak barne hartzen ditu bere ekoizpenean, eta hala, bere obra gure arrazionaltasunaren kanonei aurre egiten dieten errealitateak helarazteko bidea da. Era berean, irudiaren historiaren inguruan gogoeta egiten du: lengoaia bezala aztertzen du, baina baita esparru sozial gisa, eta baztertzaile eta itogarri suerta daitezkeen arau eta protokolo multzo gisa ere.

Erakusketa honek espazio berean uztartzen ditu Zuricheko Kunthaus museoarentzat 2014an Suitzan egindako bi pieza. Bourbaki Panorama lanean, errefuxiatu talde bat biribilean dabil historia europarreko margolan panoramikorik garrantzitsuenetako baten inguruan. Kultur monumentu handi horrek 87.000 soldadu frantziarrek Alpeetan barrena babes eske egindako ihesaldia kontatzen du, tropa prusiarren garaipenaren ostean; izan ere, Suitzak harrera-herrialde gisa duen bokazioaren hasiera markatu zuen gertaera horrek. Mural panoramikoaren inguruan biraka dabiltzala, badirudi Téllezen piezako protagonistak gogoeta egiten ari direla erbesteratuaren etengabeko migrazioaz. Aldi berean, haiekin batera aurrera egiten du objektu batek: Alberto Giacomettiren Eskua (1947) lana da; haren bitartez, eztanda batean ebakitako beso baten ikuspegi izugarria gogora ekartzea bilatu zuen artistak. Pieza hau gainean daramate migratzaileek haien ibilbidean, eta haren presentziak ateak zabaltzen dizkio iheslari-izaeraren gaineko hainbat irakurketari, baita artelanak gure kulturan duen paperaren gaineko gogoetari ere.


Itzal-antzerkia lanak, erakusketari izenburua emateaz gain, aktoreen bizi-ibilbide gogorreko hainbat eszena proiektatzen ditu itzalen bidez. xix. mendeko margolan panoramikoen antzera, itzal-antzerkia zinematografoaren aurrekarietako bat da, gizateriaren historian milaka urte lehenago sortu bazen ere. Esku eta gorputz migratzaileen istorioen harira, erbesteratzearen antzina-antzinako arketipoak irakur ditzake ikusleak: suntsipena, zapalkuntza, zentsura, miseria eta heriotza. Beste behin ere agertuko da, testuinguru horretan, Giacomettiren Eskua. Eskultura, itzal-antzerkiko antzezle bihurtuta, hainbat eszenatan ageri da bere silueta izugarriarekin, hemendik hara mugitzen, artelan tradizional mugiezinaren ideia eraldatzeko. Mehatxagarria eta hauskorra izanik, Eskua narrazio-eragile ere bihurtzen da, eta aldi berean eraldatu egiten du, profil berezi horrekin, itzal-antzerki tradizionalaren abstrakzioa eta unibertsaltasuna

Komisarioa: Manuel Cirauqui

Javier Téllez
Itzal-antzerkia (Shadow Play), 2014
Film-instalazioa, 35 mm filmeko proiekzioa
10 min 56 s
Hauen eskaintza: artista eta Galerie Peter Kilchmann, Zurich
© Javier Téllez

Partekatu