Kode urdinean II | Howard Mehring | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Pintura abstraktua, 1949–1969: Guggenheim Bildumen aukeraketak

2011.06.14 - 2012.01.08

Bigarren Mundu Gerrak ekarritako hondamendia eta gero, existentzialismoaren babesean, Europako artistek hibridatze eta sortze espresibora jo zuten: alde batera utzi zituzten aurreko belaunaldietako artisten ezaugarri izan ziren balore utopiko eta esperimentalak. Francoren Espainian edo Ekialdeko Europan, hots, tirania estetiko eta politiko pean bizi ziren artistentzat, horrelako lanak askatasun politikoaren ikur bihurtu ziren.

Arte informalak, edo forma gabeko arteak, askotariko abstrakzio-moduak eta pintatzeko metodoak barne hartzen ditu, gerraoste horretan sortu zirenak. Pintura informalaren artistek humanismo klasikoaren azkeneko elementu adierazgarriak eta haren oinarri artistiko nagusienak alde batera utzi zituzten: tonuen harmoniari, orekari eta konposizio bateratuari uko egin zioten eta artegintzaren askatasunari atxiki zitzaizkion. Arte informalari izen asko eman zizkioten, mugimenduaren askotariko adierazpenen araberakoak: Keinu-pintura, Abstrakzio lirikoa, Arte materikoa eta Tatxismoa (frantseseko tache, orbana, hitzetik eratorria), besteak beste. Hainbat artistek, Alberto Burri-k Italian, Jean Dubuffet-ek Frantzian eta Antoni Tàpiesek Espainian, esaterako, olio-pinturaz bestelako materialak erabili zituzten mihiseetan. Beste batzuek, aldiz, zientifikoagotzat eta objektiboagotzat zituzten estrategietara jo zuten, batez ere, pintura monokromoetara eta Arte zinetikora; horren adibide ditugu YvesKlein-en, PieroManzoni-ren eta JeanTinguely-ren lanak.


Aldi berean, AEBko pintura ere antzerako bidea hartzen ari zen: keinuetan oinarritutako estilo oso espresiboa garatzen ari zen. Arte informaleko artistek moduan, espresionista abstraktuek ez zuten estilo bakar edo unibertsalik. Hala ere, guztiek partekatzen zituzten artegintzaren prozesuarekiko eta oinarriekiko interesa eta subkontzienteak edo emozioek bideratutako abstrakziorako joera geldiezina; hain zuzen, horiexek bihurtu ziren mugimenduaren eragile. Ekintza-pinturak forma eta sentimendua uztartu nahi zituen pintatzeko metodo berrien bidez: pintzela erabiltzeaz gain, pintura isuri egiten zuten eta, halaber, zipriztinez busti egiten zuten mihisea; horren adibide ditugu Willem de Kooning-en eta Jackson Pollock-en lanak. Beste batzuek, aldiz, Robert Motherwell-ek eta Mark Rothko-k, esaterako, kolore-eremu handiak erabili zituzten gogoaren egoera espiritualak iradokitzeko.

Erakusketa Solomon R. Guggenheim Museum-eko Tracey Bashkoff-ek, Bildumen eta Erakusketen Arte arduradunak, eta Megan Fontanella-k, Arte arduradun Laguntzaileak, antolatu zuten. Bertako lan gehienak Solomon R. Guggenheim Foundation-en eta Guggenheim Bilbao Museoaren funtsetakoak izan ziren eta guztiek agerian utzi zuten gerra hotzaren hasieran bi kontinenteetan lan egiten zuten artisten arteko antzekotasun harrigarria.

 

Howard Mehring
Kode urdinean II (In the Key of Blue II), 1965
Akrilikoa mihise gainean
216,5 x 177,8 cm
Solomon R. Guggenheim Museum, New York, dohaintza, Mr. & Mrs. Eugene M. Schwartz, 1966. 66.1823

Partekatu