The Krazyhouse | Rineke Dijkstra | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Rineke Dijkstra: The Krazyhouse

2014.11.13 - 2015.03.01

Film & Video aretoa bideoarteari eta irudia mugimenduan darabilten lanei eskaintzen zaie.

Guggenheim Bilbao Museoak Rineke Dijkstraren The Krazyhouse (Megan, Simon, Nicky, Philip, Dee), Liverpool, UK, 2009 bideo-instalazioa aurkezten du. Instalazio honetan, bost nerabek bakarka egiten dute dantzan kamera aurrean, atzealdea zuria dela eta beren belaunaldiko musikari jarraituz. Liverpoolgo The Krazyhouse izeneko diskoteka batean ezagutu zituen artistak gazteok, eta areto hartan bertan atondutako estudio inprobisatu batean grabatu zituen. Gazteen hiru laurdeneko planoak gazteen aurpegien lehen planoekin tartekatzen dira, haien aurpegi-espresioak argi eta garbi azaleratuz. Gazteetako bakoitzak musika desberdina hautatu du, eta pop musikatik hasita, heavy metal edo tecno musika ere entzungai izango dira.


Rineke Dijkstrak (Sittard, Holanda, 1959) argazkian eta bideoan oinarritutako lana burutu du laurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik. Bere lanek, besteak beste, ikuslearen eta irudiaren artean sortutako harremanaz dihardute. Serieetan antolatu ohi ditu bere produkzioak, hartara, gai bakoitza modu jarraituan arakatzen du. Erretratuaren inguruko ikerketak nabarmentzen ditu bere lanak, eta nerabeen gaineko azterketak dira nagusi testuinguru horretan.

 

Rineke Dijkstra
The Krazyhouse, (Megan, Simon, Nicky, Philip, Dee), Liverpool, UK, 2009
Lau kanaleko bideo-instalazioa, koloretan, soinuarekin, 32 min.
Solomon R. Guggenheim Museum, Nueva York
Zuzendaritzaren Nazioarteko Batzordeak emandako funtsetatik hartutakoa; jabetza partekatua Fondation Louis Vuittonekin, Paris, 2014
Baimendutako erreprodukzioen © VEGAP, Bilbo, 2014

Partekatu