Lockhart Four Exercises 2011 Video stills The artist 02
Iragandako erakusketa

Sharon Lockhart. Errotazioa notazioa

2021.11.04 - 2022.02.27

Guggenheim Bilbao Museoaren Film & Video programak mugimendudun irudiari lotutako praktika artistikoak ditu ardatz, eta arte bisualen, filmetan oinarritutako instalazioen eta, oro har, kultura garaikidearen arteko harreman kritikoa aztertzen du.

Hainbat bitarteko erabiliz, Sharon Lockhart (Norwood, AEB, 1964) artistaren obrek arreta berezia jartzen dute giza jardueran eta hura antolatzeko moduan, nola sozialki hala indibidualki. Hain zuzen ere, haren filmek lana, kirola, haur-jolasak zein koreografia bezalako arloak dituzte aztergai, eta itxuraz sinpleak diren mugimenduen konplexutasunari eta sakontasun poetikoari heltzen diete. Haren obrak soilak eta aitzakiarik gabekoak dira, behaketa-ariketak, itxuragabetu egiten dituztenak gorputzaren eta kameraren arteko mugak, eszenaratzearen eta ikusleek duten ikuspuntu pribilegiatuaren artekoak. Alderdi dokumentala eta performatiboa adierazpide bakarrean elkartu ahala, munduaren existentzia nabariagoa bihurtzen da, tentsioz inguratua, dokumentatze hutsarekin. Lentea geldirik uzteak agerian jartzen du gaur egun objektibotasun teknikoa lortzeko asmoa dagoela; hala, badirudi erakusten diren egoerak beren burua filmatzen ari direla.


Lockhartek autogogoeta meditatiborantz eramaten du zinemaren mekanika; testuinguru horretan, interpreteak —aktoreak, norbanakoak eta gorputzak— presentziaren, keinuaren eta harremanaren eramaile zehatz gisa ageri dira. Artistak ikergai izaten ditu objektibotasuna eta kameraren bitartez errealitate bisualaz 24 fotograma segundoko abiaduran egiten den erreprodukzio automatizatua, eta horrek lotura zuzena du egiletzaren koherentziari eta mugei ematen dien arretarekin. Zuzendariak bezainbeste sortzen du filma errealitateak berak, eta, mugimendua eta argia film gisa kodetu ondoren, posible da berriz bizitza ematea eta aztertzea behin eta berriro etengabe erreproduzituta. Horren haritik, Lockhartek Noa Eshkol (Kibutz Degania Bet, Israel, 1924–Holon, Israel, 2007) koreografo israeldarraren obra ezagutu zuenean, giza mugimendua formalki aztertzen hasi zen, eta bere lanaren lankidetza-dimentsioa ere areagotu zuen, Eshkolenaren moduko praktika polifazetikoan murgildu baitzen; hala, praktika horren interpretazioa kolektibotasunaren menpe dago hein batean. Lockhartek Eshkolen ondarean oinarrituta egindako bideo- eta argazki-instalazioen sailak elkarrizketa baten isla dira; elkarrizketa horrek, batetik, paper erabakigarria izan du Eshkolen obra gaur egun ezagutzeko, eta, bestetik, agerian jartzen du zer-nolako sakontasunez ikusten dituen Lockhartek baliabide artistikoak harrerarako eta ekintza partekatuko bitarteko gisa.

Eshkol-Wachman Mugimendu-notazioko lau ariketa (Four Exercises in Eshkol-Wachman Movement Notation, 2011) instalazioan, Ruti Sela dantzariak —Eshkolen kolaboratzailea eta haren Chamber Dance Group-eko kidea 1969tik berriki zendu zen arte— mugimendu neurtuak egiten ditu berdin-berdinak diren lau bolumen grisen artean. Bolumen horiek Lockhartek diseinatuak dira, dantzaria ariketa bakoitzean mugitu ahala haren gorputzak hartzen duen espazioaren erreferentzia gisa. Bolumenok ezberdin jarrita ageri dira dantzetako bakoitzean, eta haien neurriak bat datoz dantzariaren neurriekin. Bolumenen altuera dantzariak besoak altxatuta neurtzen duenaren berbera da, eta zabalera, berriz, bat dator haren beso-zabalerarekin. Ideia hori aintzatetsiz eta bereganatuz, Lockharten obrako ekintzen segida zainduak Eshkolek eta Avraham Wachman arkitektoak 1958an garatu zuten notazio-sistema irudikatzen du. EWMN izeneko metodo zorrotz horrek aukera ematen du gorputz baten balizko mugimendu guztiak jasotzeko, eta gaur egun oraindik erabiltzen da koreografia-jarraibideak emateko, animalien mugimendua aztertzeko eta portaeraren alterazio batzuen diagnostikoa egiteko (esaterako, autismoa edo Asperger sindromea). Digitu- eta sinbolo-sorta hura garatzerakoan, Eshkolek eta Wachmanek eredu esferiko batzuk erabili zituzten; eredu haiei esker, giza gorputzeko artikulazioen eta gorputz-adarren errotazio posibleak jaso zitezkeen. Esfera horiek Lockharten Erreferentzia-sistemako orbiten ereduak: Eshkol-Wachman Mugimendu-notazioaren sistema (Models of Orbits in the System of Reference, Eshkol-Wachman Movement Notation System, 2011) argazki-sailean ageri dira, eta argazki horietako batzuk Film & Video aretoaren sarreran daude ikusgai. Sare-begi metalikoz egindako zenbait forma koniko burdin hariz egindako egitura esferiko baten barruan daude, eta keinu batek espazioan egiten duen ibilbidea irudikatzen dute. Oraindik zinematografoa asmatu gabe zegoela Eadweard Muybridge-k mugimendudun gorputzen inguruan egin zituen estudioen kutsua darie Lockharten argazkiei: esfera birakari horiek eratzen dituzten forma erabat desberdinak irudikatzen dituzte, eta hori bideoko protagonistaren ekintzarekin lot daiteke, haren mugimenduek Eshkolen gidoietako zenbait sekuentzia gorpuzten dituzten heinean. Dantzariaren keinu eta jarrera zehatzak espresiboak dira; ez, ordea, figuratiboak. Soilak eta bereziak dira: abstraktuak dira, baina instalazio-eremu osoan zehar dantzariaren atzean ageri diren bolumen grisen ertz gordinen kontrakoa ere badira. Sela hor dago, modu misteriotsuan egon ere, erabat fokuratuta, eta bere gorputz-adarren ibilbidea marraztuz doa, berea duen diziplinaren espazio-aukerak arakatu ahala.

Erakusketa hau Guggenheim Bilbao Museoaren, Thyssen-Bornemisza Art Contemporary-ren (TBA21) eta The Wellbeing Project-en arteko elkarlanaren emaitza da.

Arduraduna: Manuel Cirauqui

Sharon Lockhart
Mugimendu Notazioko lau ariketa Eshkol-Wachman (Four Exercises
in Eshkol-Wachman Movement Notation), 2011
Kanal bateko bideo-instalazioa (koloretan, soinurik gabea) eta
proiekzio-horma
Thyssen-Bornemisza Art Contemporary Collection
Fotograma: artistaren eskaintza, neugerriemschneider, Berlin, eta Gladstone Gallery, New York eta Bruselas.

Partekatu