Lisatzailea | Pablo Picasso | Guggenheim Bilbao Museoa
Iragandako erakusketa

Thannhauser Bildumaren aukerak

2001.10.02 - 2002.02.17

Arte inpresionistaren eta postinpresionistaren Thannhauser Bildumak Guggenheim-en XX. mendeko arte modernoaren fondoak ezagutarazteko aukera berria eskaintzen digu. 1978ko lehenengo legatua jatorriz alemana zen Justin K. Thannhauser bildumagile eta arte-merkatariarena da, eta horri Hilde Thannhauser bere alargunak 1981. eta 1991. urteetan dohaintzan utzitako fondoak gehitu behar zaizkio. Batera, dohaintza horiek XIX. mendearen bukaerako eta XX. mendearen hasierako artista handien maisu-lan sorta handi bat biltzen dute, esaterako, Paul Cézanne, Edgar Degas, Edouard Manet, Pablo Picasso eta Vincent van Goghenak.

Paris loratzen ari zen hiriburu artistikoa zen eta eragin-eremua hiri hau izanik, XIX. mendearen bukaerako abangoardia iraultzaile honen sorrerak XX. mendeko aurrerapen gehienak bultzatu zituen, esate baterako Guggenheim Bildumaren fondoetan nabarmentzen den pintura abstraktua edo "ez objektiboa". Genero desberdinetan, esate baterako bodegoian, paisaian eta erretratuan oinarrituta, Thannhauser Bildumako fondoen erakusketa tematiko honek bidaiatzera oso ohituta ez dagoen bilduma aipagarrienetako baten ikuspegi paregabea eskaintzen digu.


Justin K. Thannhauserren zeregina oso garrantzitsua izan zen Europako arte modernoa garatzeko eta zabaltzeko garaian. Bere aita, Heinrich Thannhauser arte-merkataria, Moderne Galerie Thannhauser aretoa sortu zuen Munich-en, eta bertan erakusketa inpresionista eta postinpresionista bikainak aurkezteaz gain Picassoren obraren lehenengo atzera begirako erakusketa handia antolatu zuen. Justin-ek aitari jarraitu zion aretoaren kudeaketan eta zuzendaritzan. Izan ere, egoitza berri bat zabaldu zuen Lucernan, eta geroago Berlinen eta ondoren Parisen burutu zituen bere jarduerak. Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, New Yorkera joan zen bizitzera eta bertan bere bilduma aberasten jarraitu zuen negozioa alde batera utzi gabe. 1971n Europara itzuli aurretik, Thannhauser-ek bere bildumaren parte handi bat Ameriketako Estatu Batuetan uztea erabaki zuen. Guggenheim Museoari dohaintzan utzitako artelan aipagarrienen artean Picassoren obra-sorta handi bat dugu, bildumagilearen eta artistaren artean izandako harreman estuaren erakusgarri.

 

Pablo Picasso
Lisatzailea (La Repasseuse), 1904ko udaberria
Olio-pintura mihise gainean
116,2 x 73 cm
Solomon R. Guggenheim Museum, New York. Thannhauser Bilduma
Dohaintza, Justin K. Thannhauser

Partekatu