
Artea eta emozioak familientzat
Ongi etorri Bilboko Guggenheim Museora!
Hemen ikusiko dituzuen artelanek izugarri harrituko zaituztete, emozioak sentituko dituzue, eta oso ondo sentiaraztea espero dugu. Gainera, eraikin hau sekulakoa da!
![]()
MAPA

Bola islatzaileak
Itsasadarraren alboko urmaela
Sar zaitez Museora, gurutzatu Atrioa eta irten terrazara! Hortik, eskultura deigarri hau ikus ahal izango duzu.
Anish Kapoorrek lan-mota horiek sortzen ditu urmael hau bezalako leku zehatz batzuetarako, eta inguruan duten arkitekturan inspiratzen da.
Nola mantentzen dira bola horiek ur gainean? Magia-trikimailu bat dirudi! Egia esan, ardatz lanak egiten dituzten barra bertikal batzuei lotuta daude bolak. Hori lortzeko, artistak zientzia erabili zuen. Obra hau egiteko, asko ikertu behar izan zuen, probatu, entseatu eta ezagutza zientifiko oso konplexuak aplikatu.
Artistaren arabera, eskultura hau etengabe aldatzen ari da, hautsi, birsortu, zati askotan biderkatzen da…
Kapoorrentzat, zure gorputza eta begirada oso garrantzitsuak dira. Zer ikusten duzu bola islatzaile horietan eta nola sentiarazten zaituzte?
Anish Kapoor
Zuhaitz garaia eta begia, 2009
Altzairu herdoilgaitza eta karbono-altzairua
1297 x 442 x 440 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

Belusa bezala
104 gela, lehen solairua
Ba al zenekien Richard Serra XX. mendeko eskultore garrantzitsuenetariko bat dela?
Mundu osoko pertsonak Museora etortzen dira obra hau ikustera eta zu… hemen zaude!
Eskultura erraldoi hauek altzairu-mota batekin eginda daude, eta altzairu horren konposizio kimikoari esker, herdoiltzen joaten da, belusa dirudien geruza fin bat sortuz (patina). Geruza horrek materiala babesteaz gain, obra oso erresistentea egiten du.
Eskulturak altzairuzko xafla erraldoiez osatuta daude, eta oreka perfektua mantenduz jartzen dira lur gainean, haien pisuari eta artistak eta harekin batera lan egiten duten ekipoek aurrez egindako ingeniaritza-lanari esker. Beraz, lasai, ez dira eroriko eta ¡
Ibili eskulturen artean, sartu espiral edo elipse batean, eseri lasai erdian eta begiratu ingurura. Nola sentitzen zara? Eta zure lagunak?
Richard Serra
Denboraren materia (The Matter of Time), 1994-2005
Altzairu herdoilkorra
Neurri aldakorrak
Guggenheim Bilbao Museoa

Zure bake-mezua
Bigarren solairuko terraza
Yoko Ono interes asko dituen artista japoniarra da: artea, zinema, musika… Yoko Onorentzat dena da esperimentu interesgarri bat!
Bakearen aldeko aktibista ere bada, giza eskubideen defendatzailea eta feminista.
Bilborako nahien zuhaitza obran, zuen “bake” nahiak idatzi eta zintzilika ditzakezue artistarentzat garrantzitsuak diren egunetan. Bestela, zuhaitzari xuxurlatu al dizkiozu!
Parte hartzera gonbidatzen zaitugu. Hori bai, kontuz eta arretaz egin.
Yoko Ono
Bilborako nahien zuhaitza (Wish Tree for Bilbao), 1996/2014
Eskuz idatzitako eta markoztatutako testua, olibondoa, lurra, zurezko loreontzia, atrila, etiketak eta boligrafoak
Neurri aldakorrak
Guggenheim Bilbao Museoa

Itsasoa entzuten
304 gela, hirugarren solairua
El Anatsui Ghanako artista bat da, eta Nigerian bizi da, eta bere metalezko eskultura bereziengatik da ezaguna.
Zure ustez, nola sortzen ditu?
Klima-aldaketak kezkatzen du El Anatsui. Itsaso gorakorra lanak ohartarazten digu naturak eta zibilizazioek bat-bateko aldaketak jasan ditzaketela, eta obra handi honen bitartez, itsasoa pixkanaka-pixkanaka hazten joan daitekeela irudikatzen du.
Zer istorio konta liezazkigukete obra osatzen duten ehunka elementuk? Eta itsaso gorakor eta zilarreztatu horrek?
El Anatsui
Itsaso gorakorra (Rising Sea), 2019
Aluminioa eta kobrezko haria
800 x 1400 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

Zenbat aurpegi ikusten dituzu?
303 gela, hirugarren solairua
Andy Warholek hainbat irudi-mota erabili zituen gaitzat; hala nola, pertsona ospetsuen irudiak edo eguneroko bizimoduko era guztietako objektuak: elikagaiak, garbiketa-produktuak…
Obra honetan, Warholek Marilyn Monroe irudikatzen du. Aktore oso ospetsua eta emakume ausarta izan zen, eta abeslari eta modelo lanetan ere aritu zen. Erabateko ikonoa izan zen bere garaian.
Aktorearen aurpegia 150 aldiz errepikatzen da. Nola egin zuen hori Warholek? Serigrafiari esker. Serigrafia estanpazio-teknika bat da, saredun pantaila baten gainean tintaz marraztutako irudiak gainazal batera (adibidez, mihisea) pasatzeko erabiltzen dena.
Andy Warhol
Ehun eta berrogeita hamar Marilyn koloretsu (One Hundred and Fifty Multicolored Marilyns), 1979
Akrilikoa eta serigrafia mihise gainean
201 x 1.055 x 6 cm

ARTETIK: From the Art
303 gelaren alboko korridorea
Zer sentitzen duzu artelan bati begiratzean? Ez galdu ARTETIK: From the Art esperientzia digitala!
Hautatu Museoaren Bilduman gehien gustatzen zaizun edo nahiago duzun obra; aukeratu pantailan horrek pizten dizun emozioa eta emaitza ikusiko duzu. Liluragarria!
Sentitu artea Museoaren Bildumarekin eta partekatu zure emozioak!
Proiektu hau Guggenheim Bilbao Museoaren eta Google Arts & Cultureren arteko lankidetza da.
Ibilbide hau amaitu da. Arteak nola sentiarazi zaitzakeen erakusten duten adibide batzuk bakarrik dira hauek. Jarraitu Museoa zure familiarekin bisitatzen, batetik bestera ibiltzen eta emozio berriak esperimentatzen. Harrituta geratuko zara!
Gozatu izana espero dugu; esperientzia honekin ondo sentitu zarelakoan, laster arte!
