Arkitektura-laborategia III
Prezioa
Prezioa: 70 € Lagunek eta 90 € publikoak oro har (hiruhilekoa); 7 € Lagunek eta 9 € publikoak oro har (saio solteak, plazak izanez gero).
Lekua
Liburutegia
Informazio gehiago
Iraupena: 90 min.
Adina: 6–11 urte.
Hizkuntza: gaztelania.
Arkitektura-laborategia III ikastaroaren hirugarren hiruhilekoan, hiri-sare ikusgarri eta ikusezinei buruz hitz egingo dugu; zuhaitzak marraztu eta habiak eraikiko ditugu; landare-espezieak eta zenbait hegazti identifikatzen ikasiko dugu, gure hirietan atseginez bizi diren beste biztanle batzuk hobeto ezagutzeko. Gainera, arkitektura eta haren ingurunea zein zentzumenarekin hautematen ditugun ohartuko gara: akustikaren eta espazioaren arteko lotura nahiz ukimenaren eta materialen testuren arteko lotura estua da. Lupak erabiliz hiria hurbil-hurbiletik ikusiko dugu, lore eta intsektu eta guzti. Urruntzen bagara, aldiz, hiriaren benetako tamaina egiaztatuko dugu, koadro inpresionistetan gertatzen zen bezala. Hiruhilekoa amaitzean, eraikin ibiltari eta pentsakor izatera iritsiko gara, eta horiek osatuko dute guk bizitzeko hautatu dugun hiria.
Nork emango du: Maushaus
Fundación Crecer Juntos
Hirugarren hiruhilekoa: apirilaren 13tik ekainaren 15era
Apirilak 13: Zuhaitzak eta hostoak
Naturak gure hiriak eraikitzeko behar dugun jakinduria guztia du. Zuhaitza har dezakegu lehen eraikin natural moduan, bertan animalia-espezie asko bizi baitira. Antzinako garaietatik, gizakiak zurarekin eraiki ditu arkitekturetako asko eta asko. Adarren eta hostoen hazkunde fraktalaren bidez, zuhaitzak urtaroei buruz hitz egiten digu eta eguzkiaren eta euriaren aurrean aterpea eskaintzen digu.
Apirilak 20: Habiak
Orthotomus sutorius txoriak zuhaitzetan bizirik dauden hostoak josita habiak nola egiten dituen ikusita, geure buruari galdetzen diogu hegaztiak gizakioi erreparatuta ikasi ote zuen hori egiten edota alderantziz izan ote zen. Zenbait izakik trebetasun eta kontu handiz egiten dituzte beren babeslekuak, eta horrek agerian uzten du animalien munduan familia zenbateko maitasunarekin zaintzen duten. Saio honetan, hegazti horietan oinarrituta, habia formako etxe txikiak eraikiko ditugu.
Apirilak 27: Soinuaren formak
Entzuteko prest daudenentzat, eraikin batek hitz egiten du. Bere tamainak ez ezik, eraikinaren kokapenak, adinak, materialek, funtzioak eta biztanle motak ere gauza asko esaten dizkigute. Eraikinaren ahotsa, hori adierazteko modua, funtsezkoa da arkitektura ulertzeko. Gure espazioekin harreman bat sor dezakegu, argiaren, ukimenaren edo
tenperaturaren eta baita soinuaren bidez. Itxi begiak eta arretaz entzun.
Maiatzak 4: Tentuz
Eraikinak ukimenaren bidez ere hauteman daitezke. Materialen tektonikaren, testuraren, zimurtasunaren nahiz tenperaturaren bidez asko ikas dezakegu bizi garen espazioei buruz; horretarako, itxi begiak eta ukitu gainazalak. Saio honetan, laginen koaderno txiki bat eginez, gure eraikinen material ezberdinei buruzko gai interesgarriak ikasiko ditugu.
Maiatzak 11: Ikusi makusi
Marrazkiaren trazuak egiten hasi aurretik begiradaren bidez marraztu behar da eta irudikatu nahi ditugu formak ezagutu. Hori bera egin beharko genuke arkitektura behatzerakoan. Ezagutzak eskuratuta, ulertzeko trebetasun gehiago izateaz gain, gure marrazkia hobetuko dugu. Laborategi honetan, arkitekturara hurbilduko gara hura behatuz, irudikatzeko dinamika eta teknika desberdinak erabilita.
Maiatzak 18: Logela bat ikuspegi eta guzti
Hirietako eraikinek harrera egiten digute, eta haietan gure bizitzaren historiako zati garrantzitsu bat gertatzen da. Leihoetatik kanpoaldea ikus dezakegu, baina, kaletik begiratuta, barruan zer-nolako kontakizunak gerta daitezkeen ere imajina dezakegu. Etxe bakoitza mundu txiki bat da berez. Saio honetan, hiriko eraikinei eta pertsonak haietan bizitzeko dituzten moduei buruzko gogoeta egingo dugu.
Maiatzak 25: Eraikin ibiltariak
Eraikin ibiltarien laborategi honetan, hiri-ingurune bat eraikiko dugu, modu performatiboan jarritako eraikin koloretsuekin. Atrezzo-joko erraz eta dibertigarri baten bidez, eraikin ibiltari bihurtuko gara, eta haien bitartez hiriaren eta ingurune naturalarekin duen harremanaren inguruan hausnartu ahal izango dugu.
Ekainak 1: Hiri-egiturak
Eraikinez, espazio publikoez eta naturaz gain, hiri batean bizitzeko pertsonok egitura ezberdinak behar ditugu, bertan elkarrekin komunikatu eta mugitu ahal izateko. Goizeko saio honetan, hiri-trazadura osatzen duten espazio ezberdinen arteko konexio-egiturak eraikiko ditugu.
Ekainak 8: Sareak
Pertsonen arteko komunikazioa, orain dela gutxi arte, hirietako kaleetan edo espazio fisikoetan gertatzen zen. Gaur egun, “hiri digitala” deiturikoan, badira beste topagune posible batzuk, hari ikusezin baina oso errealak direnen bidez lotzen direnak. Laborategi honetan, bizi garen hiria ikusi eta haren inguruko jolasak egingo ditugu. Sareak hartuko ditugu eredu gisa, beren lotune, konexio eta elkarguneekin.
Ekainak 15: Arazoarentzako irtenbidea
Saio honetan parte hartzen dutenek pertsona batzuek hirietan pairatzen dituzten benetako arazoei irtenbide ezberdinak emango dizkiete. Parte-hartzaile bakoitzak hirian agertzen den zailtasun berezi bati erantzuten dion aditu-papera izango du. “Obrak direla-eta, ezin dut lorik egin”, “espaloian ur asko pilatzen da”, “piknik bat egin nahi dut, baina nire inguruan ez dago parkerik”, etab.
Prezioa
Prezioa: 70 € Lagunek eta 90 € publikoak oro har (hiruhilekoa); 7 € Lagunek eta 9 € publikoak oro har (saio solteak, plazak izanez gero).
Lekua
Liburutegia
Informazio gehiago
Iraupena: 90 min.
Adina: 6–11 urte.
Hizkuntza: gaztelania.