Prentsa Eremua

17 ekaina 2024

Abian da UPV/EHU-Guggenheim Bilbao Museoa GELA

image

Arte garaikidea kontserbatzera eta zaharberritzera bideratutako Gelaren sorkuntza gaur formalizatu da museoan.

Gaur sinatutako hitzarmenarekin, UPV/EHU-Guggenheim Bilbao Museoa Gela errealitate bihurtu da jada. Ekitaldian bi erakundeetako agintari gorenek hartu dute parte: Eva Ferreirak, Euskal Herriko Unibertsitateko Errektoreak, eta Juan Ignacio Vidartek, Guggenheim Bilbao Museoko Zuzendari Nagusiak. Halaber, bertan izan dira, Unibertsitatetik, Gorka Moreno, Bizkaiko Campuseko Errektoreordea; Itsaso Maguregi, Pintura Saileko Zuzendaria; eta Katrin Alberdi, Gelaren Zuzendaria; eta Museotik, Daniel Vega, Erakusketa eta Kontserbazio Zuzendari Teknikoa; Ainhoa Sanz, Kontserbazio eta Zaharberritze Koordinatzailea; Aitziber Velasco, Konserbatzailea eta zaharberritzailea; eta Sonia Núñez, Erregistroko Koordinatzailea.

Euskal unibertsitate publikoko errektorea pozik agertu da akordio hau sinatu delako: “Unibertsitatea eta Museoa elkarlanean ari ginen hainbat gaitan, eta orain beste lan-ildo bat ireki dugu: arte garaikidearen kontserbazioa eta zaharberritzea. Biak gara erakunde giltzarriak euskal kulturan; horregatik, asko dugu partekatzeko. Eta eskerrak ematen dizkiot, noski, Guggenheim Bilbao Museoari proiektu honetan jarri duen konfiantzagatik, Arte Ederren Fakultatean konfiantza izatea eta euskal unibertsitate publikoan konfiantza izatea ere badelako”.

UPV/EHU-Guggenheim Bilbao Museoa Gela arte garaikidea kontserbatzera eta zaharberritzera bideratuko da batez ere, eta arlo horri lotutako gaurkotasuneko gaiei eta arazoei buruzko ikerketa- eta prestakuntza-jarduerak garatuko ditu. Gelan UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikertzaileek eta ikasleek parte hartuko dute, baita Guggenheim Bilbao Museoko profesionalek ere.

Proiektu honek aukera emango du jarduera akademikoak garatzeko (gradu amaierako lanak, master amaierako lanak eta doktorego tesiak), curriculumetik kanpoko praktikak egiteko, mintegiak eta ikastaroak antolatzeko, eta I+G+Bko lankidetzak bultzatzeko lantalde mistoen bidez. Guggenheim Bilbao Museoak ekarpen ekonomikoa egingo du urtero, eta ekarpen hori aldakorra izan daiteke, onartutako proiektu zehatzen arabera. Jarraipen-batzorde batek gainbegiratuko du proiektuaren garapena.

FAQ
Nola lortu dezaket baimena Guggenheim Bilbao Museoaren barrualdean nahiz kanpoaldean argazkiak ateratzeko edo filmatzeko?

Bidali mezu bat xehetasun guztiekin helbide honetara: media@guggenheim-bilbao.eus

Mezuan informazio hau jarriko da: grabazio-mota, eguna, ordua eta iraupena, zein den grabazioaren helburua (eraikina, erakusketak), elkarrizketa behar duen edo bestelako informazio interesgarria.

Behin eskaera onartuta, Museoak taldea osatzen duten kide guztiei buruzko datuak jasoko ditu,  filmazioa egin aurretik.

Ikus-entzunezko produkzioetan Museoaren irudia erabiltzeak tarifa bat izan dezake. Eskaera bakoitza Irudi Batzordeak aztertuko du. Eskaera baten berrikuspena 3 egun baliodunetik 2 astera arte luza daiteke. Saioak aldez aurretik planifikatzea gomendatzen dugu.

Nola lor ditzaket erakusketen eta eraikinaren irudiak komunikabide batean argitaratzeko?

Irudiak lortzeko, sar zaitez hemen eta deskargatu materiala. Premiazko eskaeretarako, posta elektronikoaren bidez edo telefonoz jar zaitezke harremanetan.

Irudiak beren egilearen izenarekin erreproduzitu behar dira, distortsionatu, mutilatu edo aldatu gabe. Irudi horiei beste erabileraren bat eman behar bazaie, Museoaren berariazko baimen idatzia beharko da.

Nola lor dezaket erakusketa zehatz baten press kit bat?

Informazio guztia web orrialdeko Prentsa sailean eskura daiteke, erakusketen atalean.

Nola lor dezaket prentsa-baimen bat?

Prentsa-txartela aurkeztu behar baduzu Museoko leihatiletan, sarrera doan eskuratuko duzu. Kontuan izan kazetariei Museoa doan bisitatzeko aukera ematen zaiela, museoaren jarduerei, ekitaldiei eta erakusketei publizitatea ematearen truke.

Nola jaso dezaket Museoaren erakusketei eta gaurkotasunari buruzko informazioa?

Bidali mezu bat hedabideari eta kazetariari buruzko informazio osoarekin  media@guggenheim-bilbao.eus helbidera.