Nota: este sitio web incluye un sistema de accesibilidad. Presione Control-F11 para ajustar el sitio web a las personas con discapacidad visual que están usando un lector de pantalla; Presione Control-F10 para abrir un menú de accesibilidad.
Prentsa Eremua

28 maiatza 2018

ATEAK ETA GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAREN ARTEKO TOPAKETA

image

Duela gutxi Guggenheim Bilbao Museoaren eta ATEAren (Animalien Tratu Etikoaren Aldeko Elkartea) ordezkarien arteko bilera egin zen, elkarte horrek horrela eskatuta. Bilera Museoko bulegoetan gauzatu zen eta bi orduz luzatu zen. Bertan bakoitzak norberaren argudioak eta ikuspuntuak azaldu zituen gizarteak, eta bereziki arteak, animalien erabileran ezarri behar dituen mugei buruz. Hartu-eman honen zergatia Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia erakusketan dauden bi artelanen inguruan sortutako polemika izan zen, obra horietan bizirik dauden animaliak ikusgai baitaude.

ATEAk formalki eskatu zion Museoari aipatu obra horiek erakusketatik kentzeko, talde horren aburuz, testuinguru horretan animaliak erabiltzetik tratu txarrak ondorioztatzen direlako. Halaber, Museoak Jardunbide Egokien Protokolo bat ezartzea eskatu zuten, non espresuki galaraziko den bizirik dauden animaliak sartzea Museoko erakusketetan dauden artelanetan.

Eztabaidan aipatutako artelanak bi dira: batetik, Xu Bing artistaren Transferentzia-kasu bat (1983) bideo bat da, eta bertan, bi txerri ageri dira, arrak emea estaltzen duela baserri batean; bestetik, Huang Yong Ping-en Munduaren antzerkia eta Zubia artelanek instalazio bat osatzen dute, intsektu eta narrasti biziak terrario handi batean hartzen dituena. Hori ikusita, ATEAk uste du “bi kasuotan arrazoiz argudiatu daiteke[ela] animaliak egoera horretan erakustea animaliak orokorrean kaltetzen dituela, kolektibo horri buruz gizarteak dituen ideiak indartzen dituen heinean eta estatutu moral oso eskasa ematen die haren kideei. Eta, ikuspuntu 'indibidualista' batetik —norbanako bakoitzaren  interesak  haren espezieko interesen gainetik jartzen dituena—, ulertzen dugu ontologikoki ezinezkoa dela animaliak horrela erabiltzea haien oinarrizko interesak modu batean edo bestean urratu gabe: estresa, erabilera fisikoa, leku-aldaketak, egon litezkeen istripuak...”.

Eskaera horren harira, Museoak begirune osoz entzun zuen ATEAren iritzia baina ez dator bat, kasu honetan bereziki zaindu baitira izaki bizidunei inolako kaltea ekiditeko neurriak. Esan gabe doa legeak ezarritako legezko muga guztiak betetzen direla, baina horrez gain erakundeak berezko Etika Kodea ezartzen du eta horretan jasota dago [4. orrialdean]: “Artelanen artean, animalia biziak baleude, arreta jarriko zaio haien ongizateari”. Museoak azaldu zuen hori guztia bermatzeko biologo eta albaitariek osatutako aditu-talde baten aholkularitza eta zerbitzuak dituela. Haiek egunero arduratzen dira narrasti eta intsektuen elikadura, garbiketa eta zaintzaz. Eginkizun horiek Museoa zabalik dagoen orduetatik kanpo egiten dira. Museoak adierazi zuen, era berean, artistarekin adostu zituela narrasti eta intsektuen bizi-baldintzak haien estres-maila ahalik eta txikiena izan zedin. Izan ere, artistak hasierako proiektuan aurreikusitako baldintzak nabarmen hobetu dira; adibidez, haien artean ondo konpontzen diren espezieak hautatu ziren bakarrik eta terrarioetan proposatu baino askoz ere izaki gutxiago bizi dira.

Hala ere, ATEAk ez ditu ontzat ematen polemikan aipatzen diren bi artelan hauek baina onartzen du animaliek ez dutela elkar jaten eta, inguruabarrak kontuan izanik ere, Museoak ahalegin berezia egin duela animalien ongizatea bermatzeko. “Inguruabar” horiek dira, hain zuzen, bat ez etortzearen iturria: animaliak (bizirik kasu honetan) erabiltzea arte-adierazpenaren elementu gisa. Bestetik, ATEAk onartzen du bildu diren bi alderdiek “ehuneko laurogeita hamar” batean bat egiten dutela animaliei, izaki sentiberak direnez, errespetua zor zaiela. Ondorio hori, dudarik gabe, gogo-betetzekoa da.

Bileran iritzi elkartruke interesgarria izan ondoren erakusketa ikustera joan ziren elkarrekin bi alderdietako ordezkariak. Ondoren, baterako adierazpen hau egitea adostu zuten, bileran hitz egindakoari buruzko laburpen bat jendaurrean aurkezteko. Ondorioa izan zen, nahiz eta gauza zehatz batzuetan bat etorri ez, oinarrizko puntu hauetan bi alderdiak guztiz ados daudela:

1. Animaliei emandako tratu txarrak arbuiatzea.

2. Animalien sufrimendua ekiditea Museoak antolatutako erakusketetan.

3. Gizartearen jarduera gisa ulertutako arte-adierazpenak izaki bizidunei kalte egitea saihestu behar duela.

4. Arteak “lerro gorri” batzuk errespetatu behar dituela eta horiek, kasu batzuetan, animaliak barne hartzen dituzte.

5. Iritzi eta sentiberatasun elkartruke hau bultzatu zuten gertaerei esker bi alderdiek bide berri bati ekingo diote animalien babesaren alde lan egiteko.

Beste prentsa oharrak

FAQ
Nola lortu dezaket baimena Guggenheim Bilbao Museoaren barrualdean nahiz kanpoaldean argazkiak ateratzeko edo filmatzeko?

Bidali mezu bat xehetasun guztiekin helbide honetara: media@guggenheim-bilbao.eus

Mezuan informazio hau jarriko da: grabazio-mota, eguna, ordua eta iraupena, zein den grabazioaren helburua (eraikina, erakusketak), elkarrizketa behar duen edo bestelako informazio interesgarria.

Behin eskaera onartuta, Museoak taldea osatzen duten kide guztiei buruzko datuak jasoko ditu,  filmazioa egin aurretik.

Ikus-entzunezko produkzioetan Museoaren irudia erabiltzeak tarifa bat izan dezake. Eskaera bakoitza Irudi Batzordeak aztertuko du. Eskaera baten berrikuspena 3 egun baliodunetik 2 astera arte luza daiteke. Saioak aldez aurretik planifikatzea gomendatzen dugu.

Nola lor ditzaket erakusketen eta eraikinaren irudiak komunikabide batean argitaratzeko?

Irudiak lortzeko, sar zaitez hemen eta deskargatu materiala. Premiazko eskaeretarako, posta elektronikoaren bidez edo telefonoz jar zaitezke harremanetan.

Irudiak beren egilearen izenarekin erreproduzitu behar dira, distortsionatu, mutilatu edo aldatu gabe. Irudi horiei beste erabileraren bat eman behar bazaie, Museoaren berariazko baimen idatzia beharko da.

Nola lor dezaket erakusketa zehatz baten press kit bat?

Informazio guztia web orrialdeko Prentsa sailean eskura daiteke, erakusketen atalean.

Nola lor dezaket prentsa-baimen bat?

Prentsa-txartela aurkeztu behar baduzu Museoko leihatiletan, sarrera doan eskuratuko duzu. Kontuan izan kazetariei Museoa doan bisitatzeko aukera ematen zaiela, museoaren jarduerei, ekitaldiei eta erakusketei publizitatea ematearen truke.

Nola jaso dezaket Museoaren erakusketei eta gaurkotasunari buruzko informazioa?

Bidali mezu bat hedabideari eta kazetariari buruzko informazio osoarekin  media@guggenheim-bilbao.eus helbidera.