Prentsa Eremua

17 maiatza 2022

Basque Internship at the Guggenheim New York programaren edizio berria

SRGM

Euskal Autonomia Erkidegoko gazteek New Yorkeko Guggenheim Museum-en beka birtualak egiteko programan izena emateko epea zabaltzen da

Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim Museoek EAEko lau gaztek  New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en esperientzia profesional bat izateko aukera eskaintzen dute beka-programa honen zortzigarren deialdiari esker. Aurtengo edizioa birtuala izango da erabat, aurrekoak bezala, pandemiak eragindako murrizketengatik, eta urria eta abendua bitartean luzatuko da. Izena emateko epea ekainaren 13an amaitzen da. Hautatutako gazteek 1.750 dolarreko diru-laguntza jasoko dute.

EAEko ikasleei zuzendutako udazkeneko beka-programa honek esperientzia profesionala eskaintzen du artearekin eta museoen jardunarekin zerikusia duten gaietan trebatzeko New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museumeko hainbat arlotan. Praktikaldi horiek graduatu berri diren ikasleei zein graduaren azken urtea edo graduondoko ikasketak egiten ari diren ikasleei zuzentzen zaizkie, beti ere bi baldintza hauek betetzen badituzte: EAEn bizitzea behintzat 2019ko urtarrilaren 1etik eta ingeles-maila altua izatea, ahoz nahiz idatziz. Zehazki, hauek dira izena eman dezaketenak: graduatu berri diren ikasleak (2019–2020 ikasturtetik aurrera graduatutakoak), graduaren azken urtean daudenak edo graduondoko bat ikasten ari direnak. Praktikak erabat online egingo dira (2020ko eta 2021ko deialdietan ere horrela gauzatu behar izan ziren eta emaitzak onak izan ziren), eta hainbat arlotan lan egiteko aukera eskaintzen dute; horien artean daude: erakusketen diseinua, hezkuntza, komunikazioa, experientzia digitala, marketina, kontserbazio-arloa, argitalpenak edo argazkigintza.

Praktikaldiak irauten duen bitartean ikasleek banakako proiektu bat garatu beharko dute, bileretan parte hartuko dute eta praktikaldia egiten ari diren arloari dagozkion jarduerak beteko dituzte. Horrez gain, praktikaldiaren zehar “Museum Culture Seminars” online mintegietan parte hartuko dute. Horietan, partaideek modu birtualean ezagutuko dituzte Museoko profesionalak eta beste bekadun batzuk, eta haiekin elkartrukean arituko dira alor kulturalean pil-pilean dauden gaiak eztabaidatzeko.

Interesdunek Museoaren webgunean ikus ditzakete oinarriak  eta bertan eman dezakete izena ekainaren 13  arte. Programa honi lotutako edozein zalantza edo galdera izanez gero, jarri Museoarekin harremanetan helbide hau erabilita: basqueinternships@guggenheim-bilbao.eus

Beste prentsa oharrak

FAQ
Nola lortu dezaket baimena Guggenheim Bilbao Museoaren barrualdean nahiz kanpoaldean argazkiak ateratzeko edo filmatzeko?

Bidali mezu bat xehetasun guztiekin helbide honetara: media@guggenheim-bilbao.eus

Mezuan informazio hau jarriko da: grabazio-mota, eguna, ordua eta iraupena, zein den grabazioaren helburua (eraikina, erakusketak), elkarrizketa behar duen edo bestelako informazio interesgarria.

Behin eskaera onartuta, Museoak taldea osatzen duten kide guztiei buruzko datuak jasoko ditu,  filmazioa egin aurretik.

Ikus-entzunezko produkzioetan Museoaren irudia erabiltzeak tarifa bat izan dezake. Eskaera bakoitza Irudi Batzordeak aztertuko du. Eskaera baten berrikuspena 3 egun baliodunetik 2 astera arte luza daiteke. Saioak aldez aurretik planifikatzea gomendatzen dugu.

Nola lor ditzaket erakusketen eta eraikinaren irudiak komunikabide batean argitaratzeko?

Irudiak lortzeko, sar zaitez hemen eta deskargatu materiala. Premiazko eskaeretarako, posta elektronikoaren bidez edo telefonoz jar zaitezke harremanetan.

Irudiak beren egilearen izenarekin erreproduzitu behar dira, distortsionatu, mutilatu edo aldatu gabe. Irudi horiei beste erabileraren bat eman behar bazaie, Museoaren berariazko baimen idatzia beharko da.

Nola lor dezaket erakusketa zehatz baten press kit bat?

Informazio guztia web orrialdeko Prentsa sailean eskura daiteke, erakusketen atalean.

Nola lor dezaket prentsa-baimen bat?

Prentsa-txartela aurkeztu behar baduzu Museoko leihatiletan, sarrera doan eskuratuko duzu. Kontuan izan kazetariei Museoa doan bisitatzeko aukera ematen zaiela, museoaren jarduerei, ekitaldiei eta erakusketei publizitatea ematearen truke.

Nola jaso dezaket Museoaren erakusketei eta gaurkotasunari buruzko informazioa?

Bidali mezu bat hedabideari eta kazetariari buruzko informazio osoarekin  media@guggenheim-bilbao.eus helbidera.