19 abendua 2025

pablopablo, Tinariwen eta Lewis OfMan: musika ulertzeko hiru modu Kutxabankek babestutako Art & Music programako kontzertu berrietan
Guggenheim Bilbao Museoak Art & Music zikloaren edizio berria aurkeztu du 2026ko udaberrirako. Art & Music formatu bereziko proposamena da, zuzeneko musika, arkitektura eta arte garaikidea uztartzen dituena Museoko Atrioaren bueltan, eta, bere helburuari leial, diziplinen eta emozioen arteko zubi-lana egiteko du paregabeko esperientzien bidez. Beste behin ere, zikloak Kutxabank izango du babesle.
pablopablo izango da oholtzara igotzen lehena. Hitzordua martxoaren 14an izango da, larunbatarekin. Artista madrildarra espainiar estatuko pop eszena berriko ahotsik bereizgarrienetako bat bihurtu da bere estilo dotore eta hunkigarriari esker. Apirilaren 11n, berriz, larunbatarekin baita ere, desert blues edo basamortuko bluesaren mito bizia den Tinariwen taldearen txanda izango da. Zikloari buru emateko, maiatzaren 9an, larunbata, Frantziako pop elektronikoaren erreferente den Lewis OfMan artistak eskainiko du emanaldia; haren doinu hedonista eta malenkoniatsuek bere belaunaldiko izen nabarmenenetako bat izatera eraman dute.
Art & Music programak erakusketak talde txikitan bisitatzeko aukera eskaintzen du, bertaratuak aretoetan barrena ibil baitaitezke 20:30etik aurrera, harik eta emanaldia 22:00etan hasi arte. Gainera, Museoak Atrioan bertan edariekin eta pintxoekin prestatzen duen taberna-zerbitzua ere badago (kontsumizioak ez dira sarreraren prezioan sartzen).
pablopabloren kasuan, sarreraren prezioa 27€ izango da Museoaren Lagunentzat eta 30€ gainerako publikoarentzat; Tinariwenen eta Lewis OfManen kontzertuetarako, aldiz, 31,5€ Museoaren Lagunentzat eta 35€ gainerako publikoarentzat. Sarrerak Museoaren webguneko jardueren atalean erreserbatzen dira: https://www.guggenheim-bilbao.
Museoaren lagunentzako aldez aurreko salmenta abenduaren 18an hasiko da, eta gainerako publikoarentzat, abenduaren 19an, 10:00etan.
Musika-programatzailea: Last Tour
pablopablo (martxoak 14, 2026)
Canciones En Mi diskoarekin estreinatu zen pablopablo, sinpletasunaren edertasuna eta gitarraren indar emozionala aldarrikatzen dituen lanarekin. C. Tangana, Ralphie Choo edo Kyne bezalako artistekin ekoizle gisa egindako lanagatik da ezaguna madrildarra, eta disko horretan bere alderdirik pertsonalena erakusten du: ñabarduraz betetako kantu introspektiboak, soinu akustiko, elektroniko eta poetikoen artean dabiltzanak. Albuma Mi Maiorrean dago grabatuta gehienbat eta, Lyle Burton bateria eta Simeon May saxo-jolea bidelagun, zuzenekoetan dimentsio paregabea hartzen duen sormen-bidaia ere bada. Zuzeneko emanaldi intimo eta zehatza dakar artistak, non xehetasun guztiek duten garrantzia.
Tinariwen (apirilak 11, 2026)
"Desert blues" edo basamortuko bluesa delakoaren aitzindari, Tinariwen taldea Kalashnikov armak gitarra elektrikoengatik aldatu zituen tuareg belaunaldi baten ahotsa izan da. Assuf hitza erabiltzen dute beren musika deskribatzeko —tamasheq hizkuntzan nostalgia eta pertenentzia iradokitzen dituen hitza—: erritmo hipnotikoak, gitarra inguratzaileak eta erresistentziaren poesia uztartzen dituzten doinuak dira. 1980ko hamarkadan Libiako eta Aljeriako erbeste-kanpamentuetan sortua, taldea munduko eszenatokirik garrantzitsuenetan barrena ibili izan da tuareg herriaren aberastasun kulturala ezagutzera emanez. Bi hamarkada baino gehiagoko ibilbidea daramate nazioartean, Grammy sari bat lortu dute, eta album ezin garrantzitsuagoak egin dituzte, esaterako Amassakoul eta Tassili, baina bere horretan mantentzen dute antzinakoa eta gaurkoa nahastuz publikoa hunkitzeko eta harekin konektatzeko duten gaitasuna.
Lewis OfMan (maiatzak 9, 2026)
Lewis OfMan Europako pop elektroniko berriaren izen nagusietako bat da. Multi-instrumentista, konpositore eta ekoizle frantziarrak malenkonia eta euforia uztartzen ditu emozioari uko egin gabe dantzara gonbidatzen duten abestietan. Sonic Poems eta Cristal Medium Blue albumek erakusten dutenez, soinu-unibertso sofistikatu eta zirraragarria garatu du synth-popetik, house frantsesetik eta ganbera-musikatik edanez. Carly Rae Jepsen, Empress Of eta beste hainbat artistarekin kolaboratu du, eta bere musika Gucci, Chanel edo Nike etxeen kanpainetan agertu da. Bere kantuek 300 milioi erreprodukzio baino gehiago bildu izanak agerian uzten duenez, Lewis OfManek eta bere zuzeneko zirraragarriek mundu osoko publikoarekin konektatzen dute musikariak bereizgarri duen sentsibilitate artistikoa bere horretan mantenduta. Seoul Mixtape lana kaleratu berritan, artista hirugarren albuma prestatzen ari da gaur egun.
Bidali mezu bat xehetasun guztiekin helbide honetara: media@guggenheim-bilbao.eus
Mezuan informazio hau jarriko da: grabazio-mota, eguna, ordua eta iraupena, zein den grabazioaren helburua (eraikina, erakusketak), elkarrizketa behar duen edo bestelako informazio interesgarria.
Behin eskaera onartuta, Museoak taldea osatzen duten kide guztiei buruzko datuak jasoko ditu, filmazioa egin aurretik.
Ikus-entzunezko produkzioetan Museoaren irudia erabiltzeak tarifa bat izan dezake. Eskaera bakoitza Irudi Batzordeak aztertuko du. Eskaera baten berrikuspena 3 egun baliodunetik 2 astera arte luza daiteke. Saioak aldez aurretik planifikatzea gomendatzen dugu.
Irudiak lortzeko, sar zaitez hemen eta deskargatu materiala. Premiazko eskaeretarako, posta elektronikoaren bidez edo telefonoz jar zaitezke harremanetan.
Irudiak beren egilearen izenarekin erreproduzitu behar dira, distortsionatu, mutilatu edo aldatu gabe. Irudi horiei beste erabileraren bat eman behar bazaie, Museoaren berariazko baimen idatzia beharko da.
Informazio guztia web orrialdeko Prentsa sailean eskura daiteke, erakusketen atalean.
Prentsa-txartela aurkeztu behar baduzu Museoko leihatiletan, sarrera doan eskuratuko duzu. Kontuan izan kazetariei Museoa doan bisitatzeko aukera ematen zaiela, museoaren jarduerei, ekitaldiei eta erakusketei publizitatea ematearen truke.
Bidali mezu bat hedabideari eta kazetariari buruzko informazio osoarekin media@guggenheim-bilbao.eus helbidera.