Prentsa Eremua

19 ekaina 2025

Guggenheim Bilbao Museoak Getty erakundearen Arte eta Jasangarritasun beka lortu du

beca getty

Proiektu hau Getty erakundearen babesari esker gauzatu ahal izan da The Getty Global Art and Sustainability Fellows program ekimenaren baitan

Getty

 

  • The Getty Global Art and Sustainability Fellows bekaren bidez, datozen sei urteetan Museoak hiru profesional kualifikatu izango ditu erakundeak ingurumen-jasangarritasunaren arloan dituen ekimenetan laguntzeko eta haiek dinamizatzeko

Guggenheim Bilbao Museoak Los Angelesko Getty erakunde ospetsuak ematen duen Arte eta Jasangarritasun beka lortu du: klima-aldaketari eta ingurumenaren kudeaketari buruzko nazioarteko elkarrizketetan aitzindaritzan diren erakunde kultural eta zientifikoei laguntzeko helburua duen laguntza.

Beka horri esker, Museoak hiru profesional kualifikaturekin indartuko du bere taldea, eta, datozen sei urteetan, langile horiek Museoak ingurumen-kudeaketan dituen lehentasunak dinamizatuko dituzte. Era berean, Museoko esperientziari esker, langileek bere trebakuntza areagotzeko aukera izango dute kultur eta arte kudeaketaren arloan krisi klimatikoaren inguruko konponbide praktikoak bultzatuz.

Guggenheim Bilbao Museoaz gain, Gettyk sei kontinentetako beste hamalau erakunde aukeratu ditu, ingurumen-jasangarritasunean duten lidergo eta konpromisoagatik nabarmenduak denak ere: Academy of Athens (Grezia), Bibliothèque nationale (Frantzia), James Cook University (Australia), Museu Paraense Emílio Goeldi (Brasil), Rochester Institute of Technology (AEB), Singapore Art Museum with the National Gallery (Singapur), University College London's Institute for Sustainable Heritage (Erresuma Batua), eta Photosynthesis sareko artisten egonaldi-programa Denniston Hillen (AEB), LUMA Arlesen (Frantzia), Pivôn (Brasil), Srihatta-Samdani Art Centren(Bangladesh), Tate St Ivesen (Erresuma Batua) eta The Mothershipen (Maroko).

Ingurumen-jasangarritasunarekiko konpromisoa

Proiektu hau beste aurrerapauso bat da Guggenheim Bilbao Museoak jasangarritasunarekin hartua duen konpromisoan. Izan ere, erakundeak abian jarri berri ditu 2030erako neutraltasun klimatikoa lortzera bideratutako beste ekimen garrantzitsu batzuk.

Hala, ekainaz geroztik, Museoa Culture for the Planet aliantzako kide fundatzailea da; nazioarteko komunitate horrek artearen eta kulturaren sektorean jasangarritasunerako trantsizioa bizkortzea du helburu. Gainera, Museoak, aurten ere, Gallery Climate Coalition-GCCko kide aktibo izaten jarraituko du; 2025ean, bere jarduera osoaren karbono-aztarna neurtzeari ekin dio lehen aldiz; urteko azken hiruhilekoan, buru emango dio eraikinaren jatorrizko sabai-leihoetatik sartzen den argi naturalaren erabilera maximizatzeko aukera eskainiko duen argiztapen dinamikorako proiektu bati; eta urtearen amaieran Lurraren arteak inauguratuko du, ingurumenera bideratutako nazioarteko hausnarketa planteatzen duen erakusketa handia, Iberdrola etxeak babestua.

Beste prentsa oharrak

FAQ
Nola lortu dezaket baimena Guggenheim Bilbao Museoaren barrualdean nahiz kanpoaldean argazkiak ateratzeko edo filmatzeko?

Bidali mezu bat xehetasun guztiekin helbide honetara: media@guggenheim-bilbao.eus

Mezuan informazio hau jarriko da: grabazio-mota, eguna, ordua eta iraupena, zein den grabazioaren helburua (eraikina, erakusketak), elkarrizketa behar duen edo bestelako informazio interesgarria.

Behin eskaera onartuta, Museoak taldea osatzen duten kide guztiei buruzko datuak jasoko ditu,  filmazioa egin aurretik.

Ikus-entzunezko produkzioetan Museoaren irudia erabiltzeak tarifa bat izan dezake. Eskaera bakoitza Irudi Batzordeak aztertuko du. Eskaera baten berrikuspena 3 egun baliodunetik 2 astera arte luza daiteke. Saioak aldez aurretik planifikatzea gomendatzen dugu.

Nola lor ditzaket erakusketen eta eraikinaren irudiak komunikabide batean argitaratzeko?

Irudiak lortzeko, sar zaitez hemen eta deskargatu materiala. Premiazko eskaeretarako, posta elektronikoaren bidez edo telefonoz jar zaitezke harremanetan.

Irudiak beren egilearen izenarekin erreproduzitu behar dira, distortsionatu, mutilatu edo aldatu gabe. Irudi horiei beste erabileraren bat eman behar bazaie, Museoaren berariazko baimen idatzia beharko da.

Nola lor dezaket erakusketa zehatz baten press kit bat?

Informazio guztia web orrialdeko Prentsa sailean eskura daiteke, erakusketen atalean.

Nola lor dezaket prentsa-baimen bat?

Prentsa-txartela aurkeztu behar baduzu Museoko leihatiletan, sarrera doan eskuratuko duzu. Kontuan izan kazetariei Museoa doan bisitatzeko aukera ematen zaiela, museoaren jarduerei, ekitaldiei eta erakusketei publizitatea ematearen truke.

Nola jaso dezaket Museoaren erakusketei eta gaurkotasunari buruzko informazioa?

Bidali mezu bat hedabideari eta kazetariari buruzko informazio osoarekin  media@guggenheim-bilbao.eus helbidera.