20 maiatza 2024
Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatua batzartu egin da gaur Iñigo Urkullu Lehendakari jauna buru zela, eta honakoak izan dira bileran: Elixabete Etxanobe andrea, Bizkaiko ahaldun nagusia eta Fundazioko Batzorde Betearazlearen presidentea; Bingen Zupiria jauna, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Leixuri Arrizabalaga andrea, Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputatua; Juan María Aburto jauna, Bilboko alkatea; Jon Azua jauna, Solomon R. Guggenheim Foundationen Patronatuko euskal erakundeen ordezkaria, eta Fundazioaren gobernu-organo gorena osatzen duten enpresa eta erakundeen ordezkariak.
Bilera Iñigo Urkullu jaunari Patronatuak egindako aitortzarekin hasi da; bere azken bilera da hau, hamabi urtez bertan presidente izan ondoren. Museoaren jardueraren balantzea labur-labur aztertzen jarraitu du bilerak; Museoak urtea hasi eta orain arte 379.006 bisitari jaso ditu, aldi honetarako aurreikusitako kopurua baino % 11 gehiago, eta 2023an data horretan metatutako guztizkoa baino % 1 gehiago. Normaltasunera itzulita, atzerriko bisitarien ehunekoa berreskuratu da, 2023ko lehen lau hilabeteetakoa baino 5 puntu handiagoa baita 2024an, guztizkoaren % 61. Frantzia nabarmentzen da atzerriko bisitarien % 18rekin, eta jarraian Erresuma Batua eta Alemania. Bestetik, Communityk, Lagunak, Jarraitzaileak eta Erdu programaren onuradunak artearen eta kulturaren inguruan biltzen dituen komunitateak, hazten jarraitu du kide kopuruan; 285.000 pertsonatik gorakoa da orain, 2023ko amaieran baino 17.000 gehiago. Horietatik, ia 24.000 Museoaren Lagunak dira. Lehen lauhilekoan sortutako Lagunen alten % 11 Communityren jarraitzaileak izan dira aurretik; hortaz, indartu egin dute Museoarekiko konpromisoa.
Bilera honetan, Museoa 2025erako lantzen ari den erakusketa-proiektu batzuen aurrerapena eskaini zaio Patronatuari. Horien artean, emakume artistei eskainitako atzera begirakoak daude, besteak beste: Tarsila do Amaral, Brasilgo modernitatearen funtsezko figura, eta Maria Helena Vieira da Silva portugaldarra, zeinaren lana figurazioaren eta abstrakzioaren erdibidean kokatzen den; baita Barbara Krugerren oraintsuko lanari eskainitako erakusketa ere, udaldiko bisitariak testuez beteriko inguruneetan murgilduko dituena, haiei zuzeneko deia eginez. Gainera, Hungariako Arte Eder Museo/Galeria Nazionaletik datozen marrazki eta grabatu sorta zabal bat aurkeztuko da Museoan, gizakiaren adierazpide gisa marrazkiak betetzen duen zeregina nabarmentzen duena. Azkenik, eta Museoaren Ingurumen Jasangarritasuneko Ekintza Planaren helburu estrategikotzat hartuta, Lurraren arteak erakusketa antolatuko da, azken hamarkadetan ingurumena gaitzat hartuta garatu den artearen irakurketa berri bat planteatuko duena.
Film & Video aretoak Vito Acconci artistak bideoan eta performancean egindako lanetik ibilbide subjektibo bat eskainiz ekingo dio urteko programazioari, Sergio Prego euskal artistak diseinatutako eszenografia baten barruan. Bestetik, Sky Hopinka artistaren Zorabioak (Fainting Spells, 2018) pieza ere aurkeztuko da bertan. Lan horren bidez, kulturen arteko komunikazioaren ahalmenari eta mugei buruzko hausnarketa bat egiten du Hopinkak.
Gainera, 2025ean in situ proiektua hasiko da, Museoaren espazioetarako propio sortutako artelanen zikloa; batzuk Museoaren arkitektura aktibatzen dutenak eta beste batzuk, berriz, bertako erakusketa-areto enblematikoen ezaugarri bereziekin harmonian elkartzen direnak. in situ ziklo horri hasiera emango dion erakusketak adimen artifizialaren estetikan aitzindari den Refik Anadolen murgiltze-artelan multisentsoriala eskainiko du. Ziklo horretako hurrengo erakusketa Mark Leckeyri eta bere lanean txertatzen diren iturri ugariei —besteak beste bideo, soinu, eskultura eta performancea— eskainitakoa izango da. Museoaren Bildumako funtsen aurkezpenak osatuko du programazioa.
Bilera amaieran Juan Ignacio Vidartek Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendaritza Nagusian trantsizioa abiarazteko erabakiaren berri eman dio Patronatuari. Zuzendari Nagusiak uste osoa du momentu egokia dela hiru hamarkadaz luzatu den zikloari amaiera emateko eta bere betebeharra dela aldaketarako etapa berri bat irekitzea erakundean ikuspegi eta esperientzia berriak txertatzeko, lekukoa hartzen duenak Museoa etorkizunera proiektatzeko, planteatzen zaizkion erronkei aurre eginez. Erabaki honekin 32 urteko ibilbide luze eta emankorra burutzen du Juan Ignacio Vidartek: 1992. urtean Guggenheim Bilbao Museoaren proiektua garatzeko partzuergoaren Zuzendari izendatu zuten eta, lau urte geroago, 1996. urtean, Museoaren lehenengo Zuzendari Nagusi izateko aukeratu zuten, gaurdaino.
“Honekin nire bizitzaren etapa bat ixten dut, duela hogeita hamar urte baino gehiago hasi zena ekimen handinahi eta ia utopikoa zena garatzearekin, hura martxan jartzeko lantaldea taxutzearekin eta ordurarte ezagutzen zirenetatik guztiz bestelakoa izanik gure herrialdearen irudia eta xedeak eraldatu zituen Museoa eraiki eta abiaraztearekin” azaldu du Juan Ignacio Vidartek.
Hala ere, trantsizio-prozesua amaitzean Juan Ignacio Vidartek Museoarekin lotura izaten jarraituko du aholkularitza funtzioak eta funtzio ez-exekutiboak dituen Zuzendari Emeritu gisa, baita Guggenheim Fundazioarekin ere, museoen Konstelazioarekin zerikusia duten nazioarteko ekimen estrategikoetan.
Zuzendariak informazio gehiago emango du bihar, maiatzaren 21ean, asteartea, goizeko 10:30ean, Guggenheim Bilbao Museoan egingo den prentsaurrekoan.
HEDABIDEENTZAKO DEIALDIA
Maiatzak 21, asteartea:
10:30 Museoko Entzungelan
Bidali mezu bat xehetasun guztiekin helbide honetara: media@guggenheim-bilbao.eus
Mezuan informazio hau jarriko da: grabazio-mota, eguna, ordua eta iraupena, zein den grabazioaren helburua (eraikina, erakusketak), elkarrizketa behar duen edo bestelako informazio interesgarria.
Behin eskaera onartuta, Museoak taldea osatzen duten kide guztiei buruzko datuak jasoko ditu, filmazioa egin aurretik.
Ikus-entzunezko produkzioetan Museoaren irudia erabiltzeak tarifa bat izan dezake. Eskaera bakoitza Irudi Batzordeak aztertuko du. Eskaera baten berrikuspena 3 egun baliodunetik 2 astera arte luza daiteke. Saioak aldez aurretik planifikatzea gomendatzen dugu.
Irudiak lortzeko, sar zaitez hemen eta deskargatu materiala. Premiazko eskaeretarako, posta elektronikoaren bidez edo telefonoz jar zaitezke harremanetan.
Irudiak beren egilearen izenarekin erreproduzitu behar dira, distortsionatu, mutilatu edo aldatu gabe. Irudi horiei beste erabileraren bat eman behar bazaie, Museoaren berariazko baimen idatzia beharko da.
Informazio guztia web orrialdeko Prentsa sailean eskura daiteke, erakusketen atalean.
Prentsa-txartela aurkeztu behar baduzu Museoko leihatiletan, sarrera doan eskuratuko duzu. Kontuan izan kazetariei Museoa doan bisitatzeko aukera ematen zaiela, museoaren jarduerei, ekitaldiei eta erakusketei publizitatea ematearen truke.
Bidali mezu bat hedabideari eta kazetariari buruzko informazio osoarekin media@guggenheim-bilbao.eus helbidera.