10 ekaina 2025

Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatua batzartu egin da gaur Imanol Pradales Lehendakari jauna buru zela, eta honako hauek izan dira bileran: Elixabete Etxanobe andrea, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Fundazioaren Batzorde Betearazlearen Presidentea; Ibone Bengoetxea andrea, Eusko Jaurlaritzako Lehen Lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburua; Leixuri Arrizabalaga andrea, Euskara, Kultura eta Kirol saileko Foru Diputatua; Juan Mª Aburto jauna, Bilboko Alkatea; Jon Azua jauna, euskal instituzioen ordezkaria Solomon R. Guggenheim Foundationen Patronatuan; Juan Ignacio Vidarte jauna, Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendari Emeritua; Fundazioaren gobernu-organo gorena osatzen duten enpresen eta erakundeen ordezkariak; Mariët Westermann andrea, Solomon R. Guggenheim Foundation & Museumen Zuzendaria; eta apirilean kargua hartu zuenetik lehenengo bilkura izango duen Miren Arzalluz andrea, Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendari Nagusia.
Bilera hasteko, Museoak aurtengo ekitaldian zehar izandako jarduera aztertu dute: gaur arte 476.795 bisitari hartu ditu, urte-tarte honetarako aurreikusitakoa baino % 29 gehiago, 2024an data bererako metatutako kopurua baino % 5 gehiago, eta 2023an baino, hau da, Museoak inoizko bisitari gehien izan zuen urtean baino % 7 gehiago. Bisitari horien jatorri geografikoari erreparatuz gero, % 63 atzerritik etorriak izan dira, bereziki Frantziatik (% 15), ohi denez, baita Erresuma Batutik eta Alemaniatik ere. Espainiar estatutik etorritako bisitariak, berriz, % 37 izan dira, eta horietatik % 16 EAEkoak izan dira.
Artearen eta kulturaren inguruan ardaztutako Community kolektiboak ere hazten jarraitu du 2025ean zehar: besteak beste Lagunak, Jarraitzaileak eta ERDU programaren onuradunak biltzen dituen komunitate horrek 374.782 kide dauzka guztira, 2024 amaieran baino ia 30.000 gehiago. Ekitaldi honetan Museoaren Lagun moduan izena eman dutenen % 12,26 Communityko Jarraitzaile izandakoak dira, erakundearekiko konpromisoa indartu duten kideak, alegia; hartara, txosten hau idazteko momentuan 24.281 dira Museoaren Lagunak.
Enpresa-munduak Museoarekiko duen engaiamenduak ere gora egin du urteko lehen bost hilabeteotan, eta une honetan 139 erakundek osatzen dute Kide Korporatiboen Programa, 10 kide berri sartu baitira aurten.
Bilkuran, Museoa 2026rako lantzen ari den erakusketa-proiektuen aurrerapen bat aurkeztu diote Patronatuari, tartean arte moderno eta garaikidearen ordezkari diren lau artista nabarmeni eskainitako erakustaldi monografikoak. Horietan lehenak Ruth Asawa artista estatubatuarraren lana jarriko du ikusgai, hots, Bigarren Mundu Gerraren ondotik AEBn izan zen sortzailerik dohatu eta emankorrenetako batena. Bigarrena 1950, 1960 eta 1970eko hamarkadetako AEBko arte plastikoen eszena eraberritu zuen Jasper Johns artistari buruzko atzerabegirako garrantzitsu bat izango da, bere garaikideentzat ez ezik oso joera estetiko ezberdinetako belaunaldi berrientzat ere inspirazio-iturri izandako sortzaileari eskainia. Urrian, berriz, mugimendudun irudien bidez gai unibertsaletan eta biografia gogorretan murgiltzen den Steve McQueen artista, zinema-zuzendari eta gidoigilea protagonista izango duen erakusketa bat aurkeztuko da jendaurrean. Azkenik, bi urterik behin Solomon R. Guggenheim Museumeko funts garrantzitsuak Bilboko publikoari ekartzen dizkion programaren baitan, minimalismoaren ordezkari nagusietako bati, hots, Dan Flavin artistari buruzko erakusketa inauguratuko da azaroan.
Mugimendudun irudiari eskainitako Film & Video aretoko programazioak, aldiz, Pipilotti Rist artistaren lana aurkeztuko du atmosfera poetikoaren bidez ikusleak errealismo magiko moduko batean murgilaraziko dituen instalazio batekin.
Duela gutxi abiatutako in situ sailak Museoko gune jakin baterako berariaz sortutako obrak aurkezten ditu —arkitektura aktibatzen duten piezak, edo Museoko areto enblematikoaren ezaugarri bereziekin hartu-eman harmoniatsuan ageri direnak—, eta Igshaan Adams eta Zadie Xa artisten proiektuak hartuko ditu datorren ekitaldian.
Azkenik, 2025eko azken hiruhilekoan inauguratuko den erakusketa batean, jendaurrean dauden Museoaren Bildumako artelanak aldatuko dira, eta ikusgai jarriko dira Bilduman azkenengo sartu diren lanen aukeraketa bat, D.Daskalopoulos Collection-etik dohaintzan jasotako zenbait lan eta Rodenstock bildumak epe luzerako maileguan utzitako pieza batzuk.
Bidali mezu bat xehetasun guztiekin helbide honetara: media@guggenheim-bilbao.eus
Mezuan informazio hau jarriko da: grabazio-mota, eguna, ordua eta iraupena, zein den grabazioaren helburua (eraikina, erakusketak), elkarrizketa behar duen edo bestelako informazio interesgarria.
Behin eskaera onartuta, Museoak taldea osatzen duten kide guztiei buruzko datuak jasoko ditu, filmazioa egin aurretik.
Ikus-entzunezko produkzioetan Museoaren irudia erabiltzeak tarifa bat izan dezake. Eskaera bakoitza Irudi Batzordeak aztertuko du. Eskaera baten berrikuspena 3 egun baliodunetik 2 astera arte luza daiteke. Saioak aldez aurretik planifikatzea gomendatzen dugu.
Irudiak lortzeko, sar zaitez hemen eta deskargatu materiala. Premiazko eskaeretarako, posta elektronikoaren bidez edo telefonoz jar zaitezke harremanetan.
Irudiak beren egilearen izenarekin erreproduzitu behar dira, distortsionatu, mutilatu edo aldatu gabe. Irudi horiei beste erabileraren bat eman behar bazaie, Museoaren berariazko baimen idatzia beharko da.
Informazio guztia web orrialdeko Prentsa sailean eskura daiteke, erakusketen atalean.
Prentsa-txartela aurkeztu behar baduzu Museoko leihatiletan, sarrera doan eskuratuko duzu. Kontuan izan kazetariei Museoa doan bisitatzeko aukera ematen zaiela, museoaren jarduerei, ekitaldiei eta erakusketei publizitatea ematearen truke.
Bidali mezu bat hedabideari eta kazetariari buruzko informazio osoarekin media@guggenheim-bilbao.eus helbidera.