Prentsa Eremua

21 urria 2008

Juan Ignacio Vidarteren izendatze berria

Juan Ignacio Vidarte Solomon R. Guggenheim Foundation-aren Estrategia Globalerako Zuzendari Orokorra izendatu dute

Bilbo, 2008ko urriaren 20an. Solomon R. Guggenheim Foundation-aren Patronatuak gaur ezagutzera eman duenez, Juan Ignacio Vidarte erakunde horren Estrategia Globalerako Zuzendari Orokor izendatu dute. Kargu horretan 2008ko azarotik aurrera jardungo du, Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendari Nagusi gisa duen erantzukizunarekin batera. Izendatze honek SRGF erakundearen Plan Estrategikoari jarraitzen dio eta hala haren hedadura bultzatzeko konpromisoa aditzera ematen du.

Kargu horretan, Estrategia Globalerako Zuzendari Orokorra, duela gutxi Fundazioaren Zuzendari berri izendatu duten Richard Armstrongen aginduetara egongo da SRGFaren zuzendaritzaren barruan. Rol berri horretan, Juan Ignacio Vidartek estrategia-ekimen berriak abian jartzeko eta garatzeko ardura izango du, eta horien artean arreta berezia eskainiko dio Guggenheim Abu Dhabi Museoaren proiektu berriari; horretan, hasiera batean, duela gutxira arte Solomon R. Guggenheim Foundation-aren Zuzendari izan den Thomas Krensekin arituko da lanean.

William Mack SRGFaren Patronatuko Lehendakariak esan duenez, “Oso pozik gaude gure lan taldean esperientzia handiko pertsona bat izango dugulako, Juan Ignacio Vidarte, alegia. Prest dago erantzukizun hori hartzeko eta gure historiako asmo handieneko ekimen honek aurrera egin dezan laguntzeko”. Horrez gain, Mack jaunak gogorarazi zuen “Juan Ignacioren agindupean, Guggenheim Bilbao Museoa nazioarteko prestigioa duen kultura-erakunde bihurtu da, hainbat sari jaso ditu eta hamaika milioi bisitari inguru erakarri ditu”.

Juan Ignacio Vidarteren kargu berria —egun Bilbon duenarekin bateragarria izateaz gain, hura osatzen du— 2009-2012 Plan Estrategikoaren barruan dago eta Guggenheim Bilbao Museoaren Batzorde Betearazlearen eta Patronatuaren hurrengo bileran berresteko proposamena egingo da.

Juan Ignacio Vidartek Solomon R. Guggenheim Foundation-arekin duen harremana 1992an hasi zen, Guggenheim Bilbao proiektuaren Partzuergoaren Zuzendari gisa. Frank O. Gehryrekin eta Thomas Krensekin estu lan egin zuen, Museoaren diseinua eta eraikitzea gainbegiratuz. Lau urte geroago, 1996ko abenduaren 18an, Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatuak Museoaren Zuzendari Nagusi izendatu zuen.

Juan Ignacio Vidarteren kudeaketa pean, Museoak kultura-erakunde gisa heldutasuna lortu du, ehun bat erakusketa antolatu dira —munduan onenetakoak batzuk—.

Hamaika urte hauetan Museoak hainbat sari jaso ditu eta horien artean nabarmentzekoak dira 1999an eman zioten Arte Ederren Urrezko Meritu Medaila; European Museum Forum-ekemandako 2000. urteko Europako Museoa; 2004ko EFQMren ereduari jarraiki kudeaketaren bikaintasunari dagokion zilarrezko Q-a, 2005eko Meritu Turistikoari Plaka eta 2007ko Euskal Herritar Unibertsal saria.

Vidartek artikulu ugari idatzi eta hitzaldi asko eman ditu, besteak beste, Museoaren kudeaketa ereduaren eta horrek ekonomian izan duen eraginaren, “Guggenheim efektua” delakoaren inguruan. Erresuma Batuko Komunen Ganberaren aurrean The Bilbao Effect hitzaldia ematera gonbidatu zuten eta estatuko eta nazioarteko hainbat forotan esku hartu du, esaterako, Brussels Capital of Europe (Brusela, Europako hiriburua) foroan, Europako Batzordeak antolatua, non, besteak beste, Romano Prodi, Umberto Eco eta Rem Koolhaas entzutetsuak izan ziren; eta Frantziako errepublikako presidenteak 2005eko maiatzean antolatutako Rencontres pour l'Europe de la culture (kulturaren Europarako topaketak), non Europar Batasuneko estatu guztietako artistak, intelektualak eta profesionalak izan ziren. Gainera, orain gutxi, 2008ko irailean, New Yorken izandako Global Creative Leadership Summit (Buruzagitza sortzaile globalaren goi-bilera) delakoan izan zen.

Juan Ignacio Vidarte Bilbon jaio zen 1956ko otsailaren 20an. 1978an Ekonomia eta Enpresa zientziatan lizentziatu zen Bilbon, Deustuko Unibertsitatean, eta ondoren, Cambridgen (AEB) Massachusetts-eko Teknologia-institutuan (MIT), gradu ondoko ikasketak egin zituen.

Lurralde-Azterlanetarako Bizkaiko Iraskundearen Zuzendari izan zen 1986 eta 1988 bitartean; 1988an Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Ekintza sailaren Zuzendari Nagusi izendatu zuten eta kargu horretan izan zen 1989 arte. Urte hartan Ogasun eta Finantza Politikaren Zuzendari Nagusi izendatu zuten erakunde horretan bertan.

Solomon R. Guggenheim Foundation

1937an sortu zen SRGF erakundea eta helburu du artearen ezagutza eta aintzatespena sustatzea, bereziki arte modernoaren eta garaikidearena; erakusketen, hezkuntza-programen, ikerkuntzen eta argitalpenen bidez. Egun, Guggenheim New York Museoa eta Veneziako Peggy Guggenheim Collection-a zuzentzen ditu Fundazio honek eta Guggenheim Bilbao Museoaren eta Berlingo Deutsche Guggenheim-aren kudeaketan esku hartzen du. Aurreikuspenean arabera, 2013an inauguratuko da Guggenheim Abu Dhabi museoa, Frank O. Gehryk diseinatutako 42.000 metro koadroko arte-moderno eta –garaikideko museoa.

Guggenheim Bilbao Museoari buruzko informazio guztia www.guggenheim-bilbao.eus (prentsa- eremua) webgunean eskuragarri. Izena eman ezazu e-mail bidezko alerta sisteman.

Beste prentsa oharrak

FAQ
Nola lortu dezaket baimena Guggenheim Bilbao Museoaren barrualdean nahiz kanpoaldean argazkiak ateratzeko edo filmatzeko?

Bidali mezu bat xehetasun guztiekin helbide honetara: media@guggenheim-bilbao.eus

Mezuan informazio hau jarriko da: grabazio-mota, eguna, ordua eta iraupena, zein den grabazioaren helburua (eraikina, erakusketak), elkarrizketa behar duen edo bestelako informazio interesgarria.

Behin eskaera onartuta, Museoak taldea osatzen duten kide guztiei buruzko datuak jasoko ditu,  filmazioa egin aurretik.

Ikus-entzunezko produkzioetan Museoaren irudia erabiltzeak tarifa bat izan dezake. Eskaera bakoitza Irudi Batzordeak aztertuko du. Eskaera baten berrikuspena 3 egun baliodunetik 2 astera arte luza daiteke. Saioak aldez aurretik planifikatzea gomendatzen dugu.

Nola lor ditzaket erakusketen eta eraikinaren irudiak komunikabide batean argitaratzeko?

Irudiak lortzeko, sar zaitez hemen eta deskargatu materiala. Premiazko eskaeretarako, posta elektronikoaren bidez edo telefonoz jar zaitezke harremanetan.

Irudiak beren egilearen izenarekin erreproduzitu behar dira, distortsionatu, mutilatu edo aldatu gabe. Irudi horiei beste erabileraren bat eman behar bazaie, Museoaren berariazko baimen idatzia beharko da.

Nola lor dezaket erakusketa zehatz baten press kit bat?

Informazio guztia web orrialdeko Prentsa sailean eskura daiteke, erakusketen atalean.

Nola lor dezaket prentsa-baimen bat?

Prentsa-txartela aurkeztu behar baduzu Museoko leihatiletan, sarrera doan eskuratuko duzu. Kontuan izan kazetariei Museoa doan bisitatzeko aukera ematen zaiela, museoaren jarduerei, ekitaldiei eta erakusketei publizitatea ematearen truke.

Nola jaso dezaket Museoaren erakusketei eta gaurkotasunari buruzko informazioa?

Bidali mezu bat hedabideari eta kazetariari buruzko informazio osoarekin  media@guggenheim-bilbao.eus helbidera.