Nota: este sitio web incluye un sistema de accesibilidad. Presione Control-F11 para ajustar el sitio web a las personas con discapacidad visual que están usando un lector de pantalla; Presione Control-F10 para abrir un menú de accesibilidad.
Prentsa Eremua

23 apirila 2013

Laborategia arte proiektua

image

ARTE ARDURA LABORATEGIA ARTE PROIEKTUA AURKEZTU DU GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAK

Hiru komisario gazte aukeratu dituzte arte ardura arloko proiektuak erakuts ditzaten Guggenheim Bilbao Museoko 103B aretoan 2013an. Ekimen horren bidez, Euskal Herriko egile gazteen alde egiten segituko du Museoak: 2012an “Guggenheim Bilbao Horma” proiektuarekin egin zuen legez. Arte Ardura Laborategiak BBK Fundazioaren babesa du.

Bederatzi komisario independente gonbidatu zituzten Josu Rekaldek (UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Dekanoak), Alicia Fernándezek (Rekalde Aretoko zuzendariak), Juan Zapater-ek (BilbaoArteko Zuzendariak) eta Petra Joosek (Guggenheim Bilbao Museoko Museo Jardueren Zuzendariak), arte ardura arloko proposamen bat egin zezaten, Euskal Herriko artista gazte baten zein gehiagoren artelan bat edo gehiago aurkezteko. Lau erakunde horietako kideek aho batez aukeratu zituzten hiru egile; komisario horiek 103B aretoan erakutsiko dituzte euren arte-proposamenak, hil batez, 2013ko maiatzean, irailean eta azaroan.

Iskandar Rementeria, Alexandra Baurès eta Inés Bermejo dira aukeratutako hiru komisario horiek. Iskandar Rementeriak aurkeztuko du maiatzaren 1etik 26ra Izena gero proposamena. Horren muinean lau artista daude: Lorea Alfaro, David Martínez Suárez, Jon Otamendi eta Manu Uranga. Laurok onartu egin dute Euskal Herriko arte-testuinguruko genealogia bati lotutako arte-jakintza baten oinordeko direla.

Alexandra Baurèsen Zerumuga proposamenean, zeruertza ikusizko marra da, eta, halaber, gizakiaren eta naturaren arteko harremanaren ardatz, ekologia gaien inguruko asaldatze-garaian. Itsasoz eta mendiz inguratutako zazpi artisten lana aurkeztuko du irailaren 10etik urriaren 6ra arte. Haren proposamena Gerhard Richter-en Itsas paisaia (Seestück, 1998) lanetik abiatu da, eta zazpi artista horiek honakoak dira: Eriz Moreno, Carla Andrade, Mikel Uribetxeberria, Bego Antón, Amaia Gracia Azqueta, Antonio Barea eta Sandra Montero.

Geratu dadila mundua, ni jaitsi egingo naiz-eta: ezeztatu garai bat, hasi beste bat Inés Bermejo getxotarraren proposamena da, azaroaren 5etik abenduaren 2ra ikusgai egongo dena. Horren tesia da krisi-garaian murgildutako munduan energia negatiboa sorkuntza bilakatu behar dela. Hura azaltzeko, zazpi euskal artistaren lanak aurkeztuko ditu: Miriam Isasi-renak, Juan Pablo Orduñez/Mawatres-enak, Diego Vivanco-renak, Pau Figueres-enak, Ainhoa Ortells-enak, Elisa Arteta-renak eta Ibai León-enak. Artistok bideoa, instalazioa, pintura, ilustrazioa edota eskultura dute adierazpide.

Bilbon, 2013ko apirilaren 23an

Beste prentsa oharrak

FAQ
Nola lortu dezaket baimena Guggenheim Bilbao Museoaren barrualdean nahiz kanpoaldean argazkiak ateratzeko edo filmatzeko?

Bidali mezu bat xehetasun guztiekin helbide honetara: media@guggenheim-bilbao.eus

Mezuan informazio hau jarriko da: grabazio-mota, eguna, ordua eta iraupena, zein den grabazioaren helburua (eraikina, erakusketak), elkarrizketa behar duen edo bestelako informazio interesgarria.

Behin eskaera onartuta, Museoak taldea osatzen duten kide guztiei buruzko datuak jasoko ditu,  filmazioa egin aurretik.

Ikus-entzunezko produkzioetan Museoaren irudia erabiltzeak tarifa bat izan dezake. Eskaera bakoitza Irudi Batzordeak aztertuko du. Eskaera baten berrikuspena 3 egun baliodunetik 2 astera arte luza daiteke. Saioak aldez aurretik planifikatzea gomendatzen dugu.

Nola lor ditzaket erakusketen eta eraikinaren irudiak komunikabide batean argitaratzeko?

Irudiak lortzeko, sar zaitez hemen eta deskargatu materiala. Premiazko eskaeretarako, posta elektronikoaren bidez edo telefonoz jar zaitezke harremanetan.

Irudiak beren egilearen izenarekin erreproduzitu behar dira, distortsionatu, mutilatu edo aldatu gabe. Irudi horiei beste erabileraren bat eman behar bazaie, Museoaren berariazko baimen idatzia beharko da.

Nola lor dezaket erakusketa zehatz baten press kit bat?

Informazio guztia web orrialdeko Prentsa sailean eskura daiteke, erakusketen atalean.

Nola lor dezaket prentsa-baimen bat?

Prentsa-txartela aurkeztu behar baduzu Museoko leihatiletan, sarrera doan eskuratuko duzu. Kontuan izan kazetariei Museoa doan bisitatzeko aukera ematen zaiela, museoaren jarduerei, ekitaldiei eta erakusketei publizitatea ematearen truke.

Nola jaso dezaket Museoaren erakusketei eta gaurkotasunari buruzko informazioa?

Bidali mezu bat hedabideari eta kazetariari buruzko informazio osoarekin  media@guggenheim-bilbao.eus helbidera.