Azkuna Zentroa
Bilbo
Bizkaiko hiriburuaren erdi-erdian kokatuta dago Azkuna Zentroa, eta hiriko eraikin esanguratsuenetako bat da. Jatorriz, ardo biltegia zen Ricardo Bastidak 1909an diseinatutakoa. Gaur egun, aldiz, balio anitzeko gune publikoa da, aisialdi eta kultura oinarri dituena. Phillippe Starck ospetsuak gidatu zuen eraberritze hori. Gune berritzailea da, diziplina anitzekoa eta bizitzaz betea. Bere baitan jakintzak, kultura, jarduera fisikoak eta dibertsioa dira ardatz. Nabarmentzekoen artean dira barrualdeko 43 zutabeak, Starckek diseinatuak eta Lorenzo Baraldi eszenografo italiarrak gainbegiratuak.
Besteak beste, honako aurkituko ditugu alondegian: mediateka, jarduera fisikoko zentroa, igerilekua, erakusketa-aretoa, entzunaretoa, zinema-aretoak, erabilera anitzeko aretoa, jatetxeak, kafetegiak eta denda. Hainbat ekitaldiren agertoki ere izaten da, tartean, Gutun Zuria literatur topaldia.