" Ez dakit zergatik, baina ikusi bezain laster jakin nuen hemen lan egin nezakeela. Lekuek eragin handia dute niregan... gela bateko giroak. [...] Eta hona heldu eta jakin nuen hemen lan egiteko gai izango nintzela"
Francis Bacon
Francis Bacon 1992an zendu eta gero, Londresko South Kensington auzoko Reece Mews kaleko 7. Zenbakiko estudioa, zeinetan 30 urtez baino gehiagoz lan egin zuen, bere horretan gorde zuten 1998 arte. Urte horretan artistaren oinordekoak, John Edwards-ek, eta testamentu betearazleak Brian Clarke-k, estudioan ziren gauza guztiak dohaintzan eman zizkioten Dublineko, artistaren jaiotza hiriko, Hugh Lane Gallery erakusketa-aretoari. 2001ean ireki zen estudioa publikoarentzat.
Estudioa zehatz-mehatz birsortu zuten bertan eta Bacon hil zenean moduan gorde dute ordutik: hortxe daude ehunka argazki, dokumentu eta liburu; margotzeko tresna eta material ugari; Baconen artelan batzuk eta beste artista batzuen lanen kopiak, besteak beste, Picassorenak eta Velázquezenak.
Artistak objektu eta dokumentuak, trasteak eta jantziak, adibidez, margotzeko tresna gisa erabiltzen zituen galtzerdiak, pilatzen zituen. Nahaspila handia zen; artistak berak “kaos ordenatua” deitzen zion estudioari, bai eta pintura lantzeko zuen ikuspegiari ere.
Baconek beste estudio batzuk izan zituen, baina besteetan ez zen Reece Mews kaleko 7. zenbakikoan bezain eroso sentitu. Baconentzako leku goxo horren energia sentitzeko aukera duzu erakusketa honetarako berariaz prestatutako errealitate birtual gailua baliatuz; erabiltzeko aukera izango duzu gune honetan.
"Hemen baino ezin dezaket margotu, nire estudioan. Beste asko izan ditut, baina hemen aritu naiz ia 30 urtez; niretzat oso egokia da. Erraza zait honelako toki batean margotzea, anabasan. Ez dakit zergatik, baina lagundu egiten dit".
Francis Bacon