URMARGOAK
URMARGOAK

1960ko hamarkada hasieran David Hockneyk olio-pinturak alde batera utzi eta ur-oinarriko akrilikoak erabiltzen hasi zen. Izan ere orduantxe garatutako baliabide berri hori denbora luzez erabili zuen, Los Angelesko argiaren ezaugarriak eta giro eguzkitsua aditzera emateko aproposa baita. Pintura mota horren ezaugarri diren kolore biziekin efektu txundigarriak lortu zituen Hockneyk dutxak, igerilekuak eta belardietako ihinztagailuak irudikatzen dituzten 1960ko eta 1970eko hamarkadetako koadroetan.

XXI. mende hasieran Hockneyk akuarelak erabiltzen hasi zen, askotan teknika zaharkitutzat jotzen den arren. Teknika guztiz menderatu arte ekin zien urmargoei, asko estimatzen baitu azkar lan egiteko ematen dion aukera. 2002 eta 2004 urte artean hainbat bidaia egin zituen Europako iparraldean eta hegoaldean, eta horiek oinarritzat hartuta, akuarelaz egindako paisaiak burutu zituen; haren hitzetan “sinpletasunera itzultzea” zen xedea. Horrelako lanetan Hockneyk espazioaren efektua lerro gutxi batzuk erabilita sortzeko saiakerak egiten ditu. Teknikari so egiten badiogu, kolorearen azpian ez du arkatzik erabili, pinturarekin marraztu du zuzenean paper gainean; “ahalik eta pintzelkada gutxien erabiliz” gainera. Koloreen paleta ere murriztu du, inoiz lau kolore bakarrik erabiltzen ditu.

Naturan begi aurrean zuena margotzen hasi zenean Bridlington inguruan (East Yorkshire), Hockneyk akuarelak erabili zituen urtaroaren arabera paisaian agertzen ziren aldaketak jasotzeko. Erakusketan Yorkshire gaitzat duten 36 akuarela daude ikusgai.