
Asawa sei seme-alabaren ama zen, eta bere sorkuntza-prozesuaren partaide egiten zituen haurrak ere; hala, artegintzarako leku bihurtu zuen Noe Valleyko (San Frantzisko) etxea. Bere diziplina anitzeko jardunean umeek erabiltzeko moduko material merkeak baliatzeak aukera eman zion komunitatean oinarritutako ikuspegi artistikoa garatzeko. Irina, gatza eta ura nahastuta, bere praktikan hain ezaguna den irin-buztina asmatu zuen, eta material xume hori sarritan erabili zuen artearen bidez garatzen zituen hezkuntza-jardueretan.
Asawak bete-betean sinesten zuen bai motibazioa bai sormenean oinarritutako hezkuntza lagungarriak izan zitezkeela haurren garapena sustatu eta gizabanako arrakastatsuak erdiesteko, eta etxeko eremutik harat eraman zuen uste hori. 1960ko hamarkadaren amaieran, boluntario-lanak egiten hasi zen bere seme-alaben ikastetxean: arte-eskolak ematen zituen material merkeak erabiliz. Asawak zioen mugak direla asmamen artistikorako pizgarririk onena. Esperientzia horretatik abiatuta, hezkuntza artistikoa ikuspegi praktikotik jorratu nahi zuten guraso eta artisten elkargune bat sortu zuen Sally Woodbridgerekin batera: Alvarado School Arts Workshop. Woodbridge Asawaren laguna zen, eta ama zen bera ere. Sarritan ikasleekin zuzenean lan eginez, eta Black Mountain Collegen (Asheville ingurua, Ipar Carolina) ikasitakoaren ildotik tiraka, Asawak eta beste kide batzuek arte-hezkuntza programa bat garatu zuten eguneroko materialen erabileran oinarrituta. Material arruntetatik abiatuta —irin-buztina, esne-kartoiak, zurezko kutxak eta abar—, artistak eta ikasleek proiektu komunitario landuak egiten zituzten, esaterako, eskultura iragankorrak, loreontziak eta mosaikoak. Garai hartan, San Francisco Arts Commissioneko kide izendatu zuten Asawa, eta kargu horretan, San Frantziskon haurrentzat antolatzen ziren jarduera plastikoak politikariek eta ongintzako fundazioek finantzatu zitzaten sustatu zuen.
Ruth Asawa eta bere seme-alabak Saturn Streeteko etxean, San Frantzisko, 1957.
Argazkia: Imogen Cunningham
© 2026 Imogen Cunningham Trust / www.ImogenCunningham.com
Artwork © 2026 Ruth Asawa Lanier, Inc., David Zwirner-en ekaintza
