
KOMUNITATEAN EHUNTZEN
Erakusketak Unión Textiles Semillas elkarteak ordezkatzen dituen wichi herriko emakumeek eta ehungintza lantzen duen Claudia Alarcón (1989) artistak (bera ere wichi herrikoa) sortutako hainbat obra aurkezten ditu. Wichi komunitatea Gran Chaco izeneko eskualdean bizi da duela mende asko. Eskualde horrek Argentina iparraldea eta inguruko herrialdeetako eremu jakin batzuk hartzen ditu barnean, nola diren Bolivia hegoaldea eta Paraguai mendebaldea. Wichi herriaren imajinario kolektiboaren arabera, emakumeak zeruan sortu ziren, eta chaguar izeneko kaktusarekin egindako hari batetik jaitsi ziren lurrera. Kaktus hori bromelien familiakoa da, aloearen antzekoa, eta ehuntzeko erabiltzen dute. Wichi emakumeek beren inguruneko sinboloak eta motiboak dituzten ehunkiak ekoizten dituzte modu kolektiboan, eta emakume ehuleen belaunaldi askok oinordetzan utzitako mundu-ulerkera jakin bat islatzen dute. Belaunaldiz belaunaldiko transmisioaren bidez wichi herriaren jakintza eta hizkuntza zaintzeaz gain, emakumeak beren komunitatearen eragile ekonomiko garrantzitsu bihurtu dira egiten duten arte- eta artisau-lanari esker
ERLEZAINTZA
Museoko 203 aretoan ikus daitezkeen euskal baserri-inguruneko objektu etnografikoen artean, bertoko materialekin egindako erlauntzak daude (hala nola sahats-adarrez, simaurrarekin nahasitako buztinez eta saskigintza-teknikaren bidez txirikordatutako aihen-belarrez egindakoak). Euskal mitologian, erlea errespetua zor zitzaion animalia sakratua zen, eta pertsonei eskaintzen zitzaien begirune berarekin tratatzen zen.
Erlauntzak gizakien eta erleen arteko sinbiosiak duen garrantziaren adibide nabarmena dira. Milaka urtetan, lankidetza hori lagungarria izan da polinizaziorako eta nekazaritza-ekoizpenerako, baita ekosistemen biodibertsitatea mantentzeko ere, eta hainbat baliabide lortu dira hari esker, hala nola eztia eta argizaria. Lankidetza-eredu horren gakoen artean, aipagarriak dira harmonia, espezieen arteko errespetua eta gehiegizko ustiapena saihestea.
Silät ehuleen kolektiboa
Tayhin/Etengabeko ehuna, 2024
ikus-entzunezkoaren fotograma
Zuzendaritza: Andrei Fernández. Realizazioa: Sergio Abraham eta Damián Payo. Cecilia Brunson Projects galerien laguntzarekin.
