ARTEA ETA KULTURA: PARISTIK NEW YORKERA
ARTEA ETA KULTURA: PARISTIK NEW YORKERA

Bigarren Mundu Gerran, New Yorkek Europako artistak, arte-merkatariak eta arte-kritikariak hartu zituen, erregimen totalitarioetatik ihesi joandakoak. Europa suntsituta zegoen gerra ostean eta New York munduko arteen hiriburu bihurtu zen, zeinetatik joera berriak zabaltzen ziren.

Garai horretan, oraindik ere Errealismo Sozialak eragin handia zuen AEBko artean. Mugimendu horrek herrialdeko langile-klasearen eguneroko bizitza islatzen zuen, baita baztertutako pertsonena ere; American Scene Painting eta Erregionalismoarekin lotura handia zuen joerak. Aldi berean, Europako mugimenduekiko interesa piztu zen, bereziki, Alemaniako Espresionismoarekiko eta Surrealismoarekiko. Hein batean, AEBtan bizi ziren europar artista batzuek sortu zuten jakin-nahi hori, besteak beste, André Breton, Salvador Dalí, Max Ernst, André Masson, Roberto Matta, Piet Mondrian eta Yves Tanguy-k. Beste erbesteratu batzuek, esaterako Josef Albers-ek eta Hans Hofmann-ek, are arte abstraktuari eta abangoardiei buruzko jakintzak irakatsi zituzten zenbait eskola eta unibertsitatetan, The Art Students League-n eta Yale-n, besteren artean, eta ondorioz eragina izan zuten estatubatuar margolarien belaunaldi batean. Museoek eta galeria berezituek ere —Museum of Modern Art-ek (MoMA), Solomon R. Guggenheim-en Arte Ez Objektiboaren Museoak, Betty Parsons-en galeriak eta  Peggy Guggenheim-en Art of This Century aretoak— Europako artea eskuragarri ipini zuten eta hala ezagutu zuten Lee Krasnerek, Jackson Pollockek, Mark Rothkok eta beste batzuek. 1939ko udaberrian Pablo Picassoren Guernica erakutsi zuen Curt Valentine galeristak eta neguan MoMAn egon zen ikusgai; artelanak eragin handia izan zuen, ikonografia, kolore paleta eta formatu handia txundigarriak baitziren.

“Odolberoak” izeneko artista abstraktuen taldea: Willem de Kooning; Jackson Pollock; Adolph Gottlieb; Ad Reinhardt; Robert Motherwell; Clyfford Still; James C.Brooks; Hedda Sterne; Jimmy Ernst; Bradley Walker Tomlin; Richard Pousette-Dart; Barnett Newman; Theodoros Stamos; William Baziotes; Mark Rothko, 1950ko azaroa

Argazkia: Nina Leen. Getty Images