
Bere bizitzan zehar, Maria Helena Vieira da Silva Lisboan, Parisen, Rio de Janeiron eta Yèvre-le-Châtelen bizi izan zen. Lisboan, Praça das Amoreiraseko etxea bizileku eta estudio izan zuen (gaur egun, etxea Arpad Szenes – Vieira da Silva Fundazioarena da). Etxe horren barnealdearen soiltasunak eragin nabarmena izan zuen Vieira da Silvak margotutako lehen lanetako batean: Estudioa, Lisboa (1934–35) izenekoan, alegia. Obra hori artistaren piezarik garrantzitsuenetako bat da, eta erakusketa honetan dago ikusgai. Gelaren biluztasunak arreta guztia gunearen egitura organikoan edo “anatomian” jartzeko aukera eman zion artistari, eta bere lanetan behin eta berriz jorratu zuen gaia izan zen harrez geroztik.
1928an, Lisboa atzean utzi eta Parisera jo zuen Vieira da Silvak, Académie de la Grande Chaumière delakoan artea ikasteko helburuarekin. Prestakuntza akademiko klasikoaren zurruntasunetik aske irakaskuntza libreagoaren alde egiten zuen eskola hartantxe ezagutu zuen Arpad Szenes (1897–1985) artista hungariarra, eta 1930ean ezkondu egin ziren. Bikotea Parisko Villa des Caméliasera joan zen bizitzera, eta hasiera batean etxebizitza eta estudio gisa erabili bazuten ere, txiki geratu zitzaien.
Horrenbestez, 1938an Szenesek estudio bat alokatu zuen Boulevard Saint-Jacquesen, eta luzaro baino lehen Vieira da Silva ere haraxe joan zen lanera. Leku hark leihate zabalak eta sabai altuak zituenez gero, bereziki toki aproposa zen Vieira da Silvak esku artean zerabilen gaia jorratzeko, hau da, espazioa ikergai hartzeko.
Bigarren Mundu Gerra hastearekin batera, bikotea Paristik Lisboara joan zen, eta, ondoren, Rio de Janeirora. Kanpoan ziren bitartean, Jeanne Bucher galeristaren zaintzapean geratu ziren Boulevard Saint-Jacqueseko estudioa eta bertako edukia.
Brasilen, beroa gogaikarria zitzaion Vieira da Silvari, eta Europan gertatzen ari ziren ankerkeriek ezinegon itzela eragiten zioten; hala ere, hantxe sortu zituen bere margolanik bikainenetako batzuk. Lan horietan, tragedian murgildutako gizateriaren irudikapen zirraragarriak eskaini zizkigun artistak.
1947an, Parisera itzuli eta Boulevard Saint Jacqueseko estudioa berreskuratu zuen Vieira da Silvak. Benetako zein irudimenezko hiri-paisaiak nagusitu ziren haren gerraosteko margolanetan. 1953an, bikotea Hôtel des Terrassesera joan zen bizitzera, eta bertako leihotik ikusten zen Parisko ikuspegia inspirazio-iturri izan zuen artistak hiri-paisaiekiko interes horretan.
1956an, Vieira da Silva eta Szenes Parisko Rue de l’Abbé-Carton kaleko 34. zenbakira joan ziren bizitzera, Georges Johannet arkitektoak haientzat eraikitako etxe-estudiora. Areto honetako koloretako horma-argazkian Vieira da Silvaren tailerra ikus daiteke. Tailerrak bere beharrak asetzen zituen, eta zoriontsua zen bertan.
1960an, hiriko bizitzaren erritmo frenetikotik urruntzeko beharraren aurrean, bikoteak etxe bat erosi zuen Yèvre-le Châtelen, Loira eskualdean. Une hartatik aurrera, Vieira da Silvak eta Szenesek han igaro zituzten udaldi guztiak. Etxeestudio hura, aurretik izan zituen lantoki guztiak bezalaxe, sorkuntzarako ez ezik, hausnarketarako lekua ere izan zen Vieira da Silvarentzat. Barnealdeak argiz blaituak eta zurezko habeak agerian zituen toki hura inspirazio-iturri ezin hobea izan zen bere margolanetan espazioaren anatomia islatzeko forma abstraktuen bidez.
Maria Helena Vieira da Silva bere estudioan, Rio de Janeiro, 1942. Carlos Moskovics Collection, Instituto Moreira Salles
