Asier Mendizabal
Asier Mendizabal

105 Aretoa

Sua
Asier Mendizabalen Nom de guerre obrako elementu deigarrienetariko bat sua da; hau da, interpretazio ugari gogora ekartzen dituen elementu sinbolikoa: antzinakoak, sozialak, politikoak, e.a. Pieza osatzen duten osagaiek —suontzia eta idulki moduko hormigoizko blokea— itxura nahiko bakuna eskaintzen dute, osatzen duten multzoa teknikaren aldetik oso sinplea izango bailitzan. Modu horretan, piezak gerrako memorialen monumentaltasuna gogorarazten du, batez ere “soldadu ezezagunari” eskainitakoak. Piezaren itxura soila ez dator bat duen konplexutasun kontzeptualarekin, atzean duen sinbologia, gizarte-aldarrikapenekin izan dezakeen lotura puntuala eta eskulturak erreminta kritiko gisa egiten duen lanari erreparatuta behintzat. Gainera, instalazioak sua sortzen du, eta horrek, aldi berean, monumentuaren ideia aktibatzen du.

Safety First
Obra hau Museoko erakusketa-gune itxi batean aurkitzen da, eta hori, itxuraz, kontraesana izan daiteke erakunde artistiko baten areto konbentzionalen izaera aseptiko eta babestuarekin. Izan ere, pieza hau Museoaren 10. urteurrenerako egin zen, eta jarritako aretoaren arkitekturan esku hartzea eskatzen du, ke-erauzgailuari protagonismo gehigarria eta balio eskultorikoa emanez, horrelako lekuetan ez baita ohiko elementua izaten. Asier Mendizabalek (1973), era horretan, eztabaidak sortu eta Museoa obraren konfigurazioan inplikatu nahi du.

Jatorrizko izenburua: Nom de guerre
Data: 2007
Teknika/Materialak: hormigoia, metala eta etanol-errekuntza
Neurriak: guztizko neurri aldakorrak
Suontzia: 56 x 80 x 38 cm
Guggenheim Bilbao Museoa