Bilduma pribatuak
Bilduma pribatuak

Inge Rodenstock 

Inge Rodenstock (Tubinga, 1936–Grünwald, 2023) ehungintzari lotutako familia batean jaio zen. Oskar Kokoschkaren Begiradaren Eskolan trebatu zen, Salzburgon, baita Düsseldorfeko Akademia abangoardistan ere.  

Düsseldorfeko Galerie Schmela ospetsuarekin izan zuen lotura profesionalari esker, etorkizunean bildumagile izateko behar zuen ikuspegiaren oinarriak sendotu zituen. 

Rodenstockek bere irizpideari jarraituta osatu zuen bilduma, eta ez espekulazio-interesen arabera. 1960ko hamarkadako sortzaile aitzindarien artearen aldeko apustua egin zuen, besteak beste ZERO taldea, Arte Povera, Pop artea eta  minimalismoa bezalako mugimenduetako artisten alde; gerora, sortzaile garaikideen obra eskuratzeari ekin zion. Bere etxean —Grünwald herrian, Municheko barrutian— artea eta bizitza uztartu zituen, galeria pribatu bat balitz bezala. 

Dimitris Daskalopoulos 

Dimitris Daskalopoulos (Atenas, 1957) ekintzaile greziarra da eta familiaren negozioa Greziako elikagai-inperiorik handiena bihurtzea lortu zuen. Txikitatik interesatu zitzaion artea, eta artelan garaikideen bilduma bat osatzeari ekin zion 1990eko hamarkadan. Obra horietako batzuk oso ezagunak dira, esaterako, Marcel Duchampen Pixatokia (1917/1964), 1999an eskuratua. 

Daskalopoulosek gerraosteko artisten eta artista garaikideen lanak eskuratu zituen urteetan zehar. Horrela, gorputza ardatz duten piezen arteko lotura-sare aberatsa eratu zuen, gorputza sormen-iturri eta borroka existentzial, sozial eta ideologikorako baliabide gisa hartuta. 

Daskalopoulosen ustez, “arteak ez du zentzurik publikoarekin hartu-emanean ez bada”; horrexegatik, 2014an, bere bilduma dohaintzan eman zien Atenas, Chicago, New York eta Londresko hainbat erakunderi eta, 2025ean, baita Guggenheim Bilbao Museoari ere. 

 

Bildumagile Inge Rodenstock bere objektu gogokoenaren aurrean: Jeff Koons-en Bobtail txakurra,1991 eskultura Argazkia: Salvatore Vinci. 2017. Argazkia: Salvatore Vinci.