Anni Albersen sormen-prozesua etengabeko esplorazioa izan zen, eta hainbat aurkikuntzak markatu zuten. Bauhaus eskolan ehungintza arloan sartu zen, eta beranduago, AEBn, grabatuak ematen zizkion aukerak jorratu zituen.
Albers Bauhaus eskolako ehungintza tailerrean matrikulatu zen 1922. urtean. Garai horretan, artistaren beraren esanetan, “ehungintza ez zen arlo zehaztzat jotzen, erremintatzat baizik”.
Artistak zera baieztatu zuen behin: “Uste dut, alde batetik, gaur egun ehungintzaren praktikari heltzen diodanean, askatasun osoz eseri eta ikertzen dudala zer gertatuko litzakeen hauxe tolestuz gero, edo bestea biratuz gero, etab.”. Tindatze prozesuei eta ehungailuen funtzionamenduari buruzko ezagupenak bereganatu ondoren, Albersek ehunen ahalmen estetiko eta industriala aztertu zuen. Bilaketa horren ondorioz, bere lehenengo “oihal zintzilikariak” sortu zituen.
Artistak ekoizpen metodo sistematiko eta antolatua garatu zuen; bertan, ehunak kopuru handietan fabrikatu zitezkeen. Bere oihal zintzilikarietan moduluak agertzen ziren, errepikatzen, biratzen edo arau geometrikoei jarraiki elkarrekin lotzen zirenak. Albersek figura bat hautatzen zuen —triangelua zuen gustukoenetako bat— eta amaierako konposizioa lortu arte errepikatzen zuen. Halaber, oinarrizko lehenengo ehun horren gainean, Albersek bigarren mailako sare berri bat edo gehiago ehundu zitzakeen, geruza eta bolumen desberdinak sortzeko. Horrek guztiak piezari hainbat dentsitate ematen zizkion. Paul Klee (1879–1940) Bauhaus eskolako irakaslea zen Albersek bertan ikasi zuenean eta ehungintza tailerraren arduraduna izan zen zenbait urtez; maisu haren lana behatzeak funtsezko eragina sortu zuen artistaren lan egiteko moduan.